2016(e)ko maiatzaren 30(a), astelehena

Hernani hitzetan

Maiatzaren 24tik 28ra bigarren urtez burutu da Hernani Hitzetan kultura arteko poesia, ipuinak eta kantuak astea. Kontalari profesionalekin batera, jatorri ezberdinetako herritarrak izan dira protagonistak, adierazpen artistiko ezberdinak eskaintzen. Kultura ezberdinetako ipuinak, kantak eta poesia Hernaniko txoko ezberdinak hartu dituzte. Gastronomiak ere bere lekua izan du, aurten Honduras, Maroko eta Uzbekistaneko jakiak dastatzeko aukera izan delarik. Kontalari profesionalek Euskal Herria, Mexiko, Kamerun, Benin, Kataluina, Kolonbia eta Ekuatore Ginea herrialdetako ipuinak ekarri dizkigute. Beste herriakdeak ere izan dira euren kultur adierazpenak eskaintzen: Mongolia, Uzbekistan, Maroko, Sahara... Kultur arteko harremanak ederki izan dira azaleratuak Hernani, modu ederrean, kolorez eta aniztasunez jantziz herria. 
AHMER-SOS arrazakeria eta Udal Liburutegia izan dira antolatzaileak. Euren arduradunekin mintzatu gara.

Rakel Gonzalez. Hernaniko Udal liburuzaina

Udal liburutegiak Hernani Hitzetan antolatu du AMHER-SOS Arrazakeriarekin batera, zer ekarri dio bai liburutegiari bai herriari jaialdiak?
Liburutegia gehiago ezagutaraztea eta topagune bat ere badela azaltzeko balio du jaialdiak. Bestalde, herriari ekarri dio kultura ezberdinak daudela erakustea eta talde ezberdinekin elkarlana egitea; jaialdia modu polita delarik hori zabaltzeko. 

Halako ekimenak zer eragina dauka urtean zehar liburutegiak egiten duen lanean?
liburutegira etorkin pila etortzen da, eta honen bidez gertutasuna ematen da, beste konplizitate bat, zalantzarik gabe.
Nolako harrera ikusi duzu jaialdiarekin?
Oso ona. Publiko finko bat badago joan den urtetik, dena dela oraindik falta zaio errodajea, denbora. Baina merezi du halako lana hartzeak, pilo bat ikasten duzu, bertako jendearekin eta kanpokoarekin. 


Lucia Arias. AHMER Hernaniko elkarte multikulturaleko arduraduna.

Nolatan bururatu zitzaizuen halako jaialdia antolatzea?
Egitasmoaren hasieran egin genuen ipuin ikastaro bat dago. Ezagutzen genuen Alekos kontalari konlonbiarrarekin antolatu genuen eta bera izan da jaialdiaren antolakuntzan laguntza garrantzitsua. Gure elkartean beti pentsatu izan dugu jende etorkina ez dela etortzen esku hutsik, ipuinak, kantak, poemak ekartzen dituztela, euren kulturetako adierazpenak. Ez dugu bakarrik eskubideak aldarrikatzen; bizitza duin baten eskubidea ere badugu, edertasunaz gozatzea, eta tradizio hauetan edertasun asko dago. Interesgarria iruditzen zait horiek konpartitzea harrera egiten duen jendartearekin.

Lana handia izango da zuentzat halako jaialdia antolatzea, izan ere herriko jendeaz gain, leku ezberdinetako kontalari profesionalak ere ekarri dituzue.
Ideia zen kontalari profesionalak ekartzea, beraiegandik ikasteko eta euren lanaren errekonozimendua egiteko; baina baita ere bertan bizi den jendearen ahalmenak indartzea. Askotan, aurrera egin beharragatik, jendeak ez du kontatzen musika tresna bat jotzen dakiela, edo ipuinak eta kantak dakizkiela; margotzen duela edo antzerkia egiten duela. Jakintza horiek guztiak azaleratzen ditugu pixkanaka. Eta jakina, ondo eta txukun antolatzeak lan asko ematen digu. Kontuan hartu behar da ere, jendeak lanean aritzen dela eta euren denbora librean prestatu behar ditugu ekitaldiak. Esaterako, oso interesgarria izan da Leoka garbilekuan jatorri ezberdineko emakumeek egindako poesia emanaldia. Parte hartutako askok etxeetan dabil lanean eta egun libre bakarra igandea izan ohi dute, beraz ez da erraza izan elkartzea. Polita izan da egindako lana.

Nolako harrera izan duzue kontalari profesionalen aldetik?
Udal liburutegiarekin batera antolatzen dugu jaialdia eta uste dut garrantzitsua dela liburutegiaren irudia hartu emana egiterako ordua; baina gure aldetik ere azaltzen diegu gure lana zein den eta jaialdiaren ideia; herrialde ezberdinetako kontalariak ekartzen ditugu eta harrera ezin hobea izaten dugu, harremana polita sortzen da.
Zer balorazioa egiten duzue joan den urteko jaialdiaz eta aurtengoaz?
Oso interesgarria. Aurtengoan parte hartze gehiago ikusi dut eta herritar gehiago hurbiltzen dela, jende arrunta,  ahalmen artistiko ezberdinak dituena, baina egunerokotasunaren erritmoagatik ezagutarazi ezin izan dituenak. Aurten saiatu gara poesia, ipuinak edo musikaren bitartez jaialdira lotzen.  Sukaldaritzaren bitartez ere erakarri ditugu; esaterako, gaztetxean egindako gau saio irekietan, herrialde ezberdinetako mokaduak izan ditugu, honduras, maroko eta uzbekistanekoak. Elkarteko jendeari arlo ezberdinetan parte hartzeko aukera eman diegu. Beraz, pozik gaude emaitzarekin, datorren urtekoari heltzeko gogoz.