2016(e)ko urtarrilaren 29(a), ostirala

IV Ahozko narrazio lehiaketa

Ahoz-Aho Nazioarteko Ahozkotasun Jaialdiaren ekitaldien barruan, aurten ere ahozko narrazio lehiaketa deitu dute. Nahi duen guztiak  eman dezake izena, kontalari profesionala edo zaletua izan. Proposamen interesagaria kontalaritza zabaltzeko eta zaletua dena jende aurrean bere kontaketa proposamena erakusteko. Beste urtetan bezala egun ezberdinetan egingo dira sailkatze saioak. Eta kalabaza ederra nork jasoko duen irrikaz gaude. Informazioa hementxe duzue:
http://www.ordizia.eus/kultura-albisteak/2591-iv-ipuinen-ahozko-narrazio-lehiaketa-ahoz-aho-jaialdia

2016(e)ko urtarrilaren 25(a), astelehena

Tolosan Pep Brunorekin ikastaroa

Hasi dira Tolosa aldean Ahoz Aho, Nazioarteko ipuin jailadiaren ekitaldiak iragartzen. Lehenengoa ipuin ikastaroa izango dute Pep Bruno Guadalajarako (Espainia) kontalari eta idazlearekin. 
Pep aspaldian hasi zen kontu kontari eta gaur egun Espainian kontalari ezagunennetakoa dugu. Nazioartean ere bere ikuskariak eskaini ditu. Beraz aukera ederra berarekin kontalaritzaren bidean sakontzeko.

2016(e)ko urtarrilaren 23(a), larunbata

Kontalaritzaz doktorego tesia

Hainbat urtetako ikerketaren ostean Leire Diaz de GereƱu Lasaga arrasaterrak bere doktorego tesia aurkeztu zuen Gasteizko EHUko Filologia fakultatean. JENDAURREKO KONTA-SAIOA: GERTAKARI DISKURTSIBOA ETA TESTU-GENERO BEREZITUA, du izenburua tesiak. Ikerketaren zuzendariak ahozkotasunean adituak diren bi irakasle izan ditu Leirek, Itziar Idiazabal Gorrotxategi eta Luis Mari Larringan Aranzabal. Ikerlariak bere lanaren defentsa argia egin zuen, aztertu duen gaiaren zailtasuna adituentzat ez direnentzat ere ulergarria eginez. Burututako ikerketaren interesagarritasuna eta osaketa epaimahiaren oniritzia jaso zuen Bikain baten bitartez. Aurkezpenera ikerketan parte hartutako kontalarietatik lau izan ziren: Koldo Ameztoy, Itziar Rekalde, Aitor Txarterina eta Joxemari Carrere. Guztiak, hainbeste denboraren ondoren,   lanaren fruitua dastatzeko irrikaz, baina batez ere Leire  egindako lanagatik zoriontzeko. Denak ados ziren euskal kontalaritzarentzat lan honek duen garrantziarekin, behar duen arreta maila gorenean jartzen baitu. 
Leire 1998 urtean hasi zen lehenengo urratsak ematen ikerketa honetan, kontalariek euren jardunean erabiltzen dituzten baliabide diskurtsiboak aztertzeko asmoz. Ikertu ahala eta kontagintzaren mundua gero eta
gehiago ezagutzearekin batera ikerketaren nondik norakoak aldatzen joan ziren, mundu erabat ezezagunean murgilduz. Berak hartutako iker bidean zaila izan zaio antzeko lanak aurkitzea, beraz,

askotan ez zegoen lekuan bidea egiten aritu da.
Hainbat kontalarien zuzeneko jarduna grabatu eta, zirujau baten moduan, konta-saioen dizekzio zehatza egin du, hortik hainbat ondorio atereaz. Horietako bat litzateke bereiztea ipuina bera eta kontaketa, ipuina kontaketaren barruan legokeelarik, beste hainbat errekurtso diskurtsiboekin batera. Ikerketa arras interesgarria inondik inora, bai hizkuntzaren ahozko jarduera gehiago ulertzeko, bai kontalaritzarentzat ere. Leirek kontalaritza zaharraren ondorengoa ikuste du kontalaritza berria, tradiziotik jasotako elementuak izanik, jarduera berri bat bihurtu dutelarik kontalariek. Zalantzarik gabe zer esan handia izango du ikerketa honek, bide berria zabaltzen baitu kontalaritza garaikidea aztertzeko garaian; are gehiago, kontuan harturik Europan oso gutxi direla maila honetan eta ikuspegi honetatik, eta orokorrean,   kontagintzaz  egindako azterketak.
Aurkezpenaren ostean, ospakizun txikia egin zuten bertaratutakoek, hemendik aurrera zabaltzen diren aukerak ahotan zutelarik guztiak, kontalaritzaz unibertsitatean aritzea ez baita makala; baina batez ere, Leirek urtetan egindako lan handia eskertzeko eta zoriontzeko.