2016(e)ko ekainaren 23(a), osteguna

Guadalajarako Ipuin Maratoia

Ipuin kontaketan dabilen edonork ezinbestekoa du, behin besterik ez bada, Guadalajarako (Espainia) Ipuin Maratoia ezagutzea. Baina baita ere, kontagintzaren edozein arlotan dabilenak, dela zaletu, ikerlari edo antolatzaile. Kontagintzaren topagune bihurtu den jaialdi honek 25garren urteurrena ospatu du aurten, ibilibide horretan lortu duelarik Europako ipuin kontaketaren gune garrantzitsuentakoa izatea. 1992 urtetik, Ekainaren bigarren edo hirugarren asteburuan, Gaztelako hiria ipuinekin janzten da gau eta egun. Irakurketa sustatzeko eta zabaltzeko asmoz, Guadalajarako Haur eta Gazte Literaturako Mintegiak antolatzen hasi zen Maratoia, beti ere Estatuko Liburutegi Publikoaren babespean. Ekitaldi xumea izaten hasi zena gaur egun kontalaritzaren jaiarik handienetakoa bihurtu da. Aurtengo edizioan 1.500 pertsona izan dira ipuinak kontatzen 47 ordutan, gau eta egun kontari, inoiz baino gehiago. kontalari profesionalak eta zaletuak; haur eta nagusi; istorio bat kontatzeko zuen edonor izena eman eta Infantadoko Jauregiko eszenatokira igotzea besterik ez zuen. Ipuin Maratoiarekin batera beste 80 ekitaldi zeuden antolatuak, beti ere kontalaritzaren bueltan. eta guzti hori aurrera eramateko 250 bolondres lanean jotake. Izan ere, jaialdi honen alderik erakargarriena bere herrikoitasuna da, Literatura Mintegiko lagunez gain, irakurle taldeetako eta bestelako herritarrek  bolondres modura aritzen baitira jaialdian. 25 urte osasuntsu bete ditu Ipuin Maratoiak, eta ezbairik gabe, Europako kontagintzan ezinbesteko erreferentea izaten jarraitzen du
Aurten gainera euskaldunok protagonismo apur bat ere izan dugu, euskal kontalarien presentziaz gain, bertsolaritzak ere bere lekua izan baitu. Orain bi urte Miren Amuriza bertsotan aritu bazen ere, aurtengo edizioak poesiari eta kantu inprobisatuari leku berezia eman nahi izan dio, ahozkotasunaren beste eremu gisa, hortaz bertsolaritzari, besteen artean, lekua eman baitiote Andoni EgaƱa gonbidatuz. Gogoangarria izan zen Teatro Modernon Alexis Diaz Pimienta dezimista kubatarrarekin egindako saioa. Karlos Aizpurua Bertsozale elkarteko kideak gai jartzaile eta itzultzaile lanean jarrita, ikusleak liluratuak utzi zituen saioa burutu zuten, amaieran zutik txaloka jarri zituztelarik. Ipuin Maratoiaren egoitza nagusia den Infantadoko Jauregian larunbata gauez egindako saio txikia arrakastatsua izan zen ere, bertan zeuden mila inguruko jendeak ederki gozatu zutelarik hain urrun eta hain gertu dauden euskal kubatar poesia inprobisatuarekin.
Euskal kontalariak bere agerraldiak ere izan zituzten. Bertan izan ziren Bego eta Joakin Alabazan taldekoak, Dorleta Kortazar, Ines Bengoa eta Joxemari Carrere, euskal ahozko narratibaren ordezkari gisa. Guadalajarako ahozkotasunaren festa okasio aproposa da geure kontagintza azaltzeko eta besteena ezagutzeko; baina baita ere leku ezberdinetatik etorritako kontalariekin harremanak egiteko eta euren lanak ezagutzeko; eta, jakina, lagun zaharrak topatu eta berriak egiteko.
25 urte bete ditu Guadalajarako ipuin Maratoiak, beste hainbeste bete ditzala opa diogu; kontagintzak eskertuko dio. Eta ea gurean aurrera pausoak emateko adorea ematen digun.