Aurten gainera euskaldunok protagonismo apur bat ere izan dugu, euskal kontalarien presentziaz gain, bertsolaritzak ere bere lekua izan baitu. Orain bi urte Miren Amuriza bertsotan aritu bazen ere, aurtengo edizioak poesiari eta kantu inprobisatuari leku berezia eman nahi izan dio, ahozkotasunaren beste eremu gisa, hortaz bertsolaritzari, besteen artean, lekua eman baitiote Andoni Egaña gonbidatuz. Gogoangarria izan zen Teatro Modernon Alexis Diaz Pimienta dezimista kubatarrarekin egindako saioa. Karlos Aizpurua Bertsozale elkarteko kideak gai jartzaile eta itzultzaile lanean jarrita, ikusleak liluratuak utzi zituen saioa burutu zuten, amaieran zutik txaloka jarri zituztelarik. Ipuin Maratoiaren egoitza nagusia den Infantadoko Jauregian larunbata gauez egindako saio txikia arrakastatsua izan zen ere, bertan zeuden mila inguruko jendeak ederki gozatu zutelarik hain urrun eta hain gertu dauden euskal kubatar poesia inprobisatuarekin.
Euskal kontalariak bere agerraldiak ere izan zituzten. Bertan izan ziren Bego eta Joakin Alabazan taldekoak, Dorleta Kortazar, Ines Bengoa eta Joxemari Carrere, euskal ahozko narratibaren ordezkari gisa. Guadalajarako ahozkotasunaren festa okasio aproposa da geure kontagintza azaltzeko eta besteena ezagutzeko; baina baita ere leku ezberdinetatik etorritako kontalariekin harremanak egiteko eta euren lanak ezagutzeko; eta, jakina, lagun zaharrak topatu eta berriak egiteko.
25 urte bete ditu Guadalajarako ipuin Maratoiak, beste hainbeste bete ditzala opa diogu; kontagintzak eskertuko dio. Eta ea gurean aurrera pausoak emateko adorea ematen digun.