2020(e)ko apirilaren 19(a), igandea

IPUINA ISILDU, IPUINA ENTZUN DADIN




                Ipuinak kontatzerakoan isiluneak, musikan bezala, narrazioaren parte dira. Isiltzeak erritmoari bizia ematen dio, ondoren etorriko den hitza indartuko du. Gogoetarako beta ematen dio entzuleari, etorriko denaren jakin mina pizten, kontaketarako grina ekartzen. Izan ere, isiltzeak ez du esan nahi, derrigorrean ezer esaten ez denik; aitzitik, isiltzea pentsamenduaren oihartzuna izan daiteke.
            Badaude, ordea, isilkeria doilorrak, ukaziozkoak, baztertzaileak. Sortzaile eta artisten hitzaren aurrean entzungor gelditzen dena, bazter bidera bidaltzen duena,  itzalpera kondenatzen. Honetaz asko dakigu kontalariok, izan ere kultur ekosistemaren parte izanik badakigu zer garrantzi ematen zaion kulturari, gehienetan bere horretan garrantzia eman gabe, bere balio soziala aintzat hartu gabe, bateko edo besteko krisiak jendartea jotzen duenean, kultura delarik lehenengoa bazterrean uzten dena. Orain bizitzen ari garen krisi sozio-sanitario larri hau, jendartea gogor kolpatzen ari da, sektore guztietan, eta, nola ez, kulturgintzan ere. Argi dugu hartu behar diren erabaki garrantzitsuenak herritarren osasunaren zaintzarako direla, osasunak lehenengoa izan behar du erabaki guztietan. Dena dela, honek ez ditu ezkutatu behar sortu diren bestelako arazoak.  Eta horietako bat, eta ez txikia, kulturgintzaren arloari dagokio. Antzokiak, liburutegiak eta kultur guneak ixteak,  kultur programazio guztiak bertan behera uzteak, etorkizunean zer gertatuko denaren ez jakiteak; honek guztiak ekarri du kontalari askoren lana bertan behera gelditzea, honek dakarren larrialdi ekonomikoa eta pertsonalarekin; baina baita ere, ipuin kontaketak zaletuengana heltzeko ezina. Eta edozein kultur jarduna kaltetzea, jendartea beraren kalterako da.
            Zorionez, egun baliabide teknikoek eta internet sareak ematen dituen aukerekin ipuinak bizirik diraute, ezinbesteko aurrez aurreko formatuan ez bada ere. Kontalari asko ari da bere lana eskaintzen herritarren konfinamendua arintzeko nahiarekin. Ipuinak bizirik diraute, hitza ez da isildu. Kontakizun liluragarriak, pertsonaia fantastikoak, herrialde miragarriak oraindik jendearen irudimena pizteko ahaleginetan ari dira.
            Baina horrek ez du ahantzarazi behar sortzaileek eta artistek bizi duten egoera. Ezin du ahantzarazi kulturak bizi duen egoera, lehen prekarioa bazen, oraingoan larriago bihurtu dena. Horregatik euskal kontalariok apirilaren 21 eta 22an egingo den greba digitalarekin bat egingo dugu. Gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzaten. Gure isiltasuna erabiliko dugu istorioa aurrera egin dezan, kontakizuna eten ez dadin. Gure isiltasuna oihartzuna izan dadin.
SINATZAILEAK

1.       Aitor Txarterina
2.       Aitor Vinagret
3.       Amaia Pagola
4.       Ana Apika
5.       Anduriña Zurutuza
6.       Ane Gebara
7.       Antton Irusta
8.       Alberto Bargos
9.       Bea Egizabal, Cesar Marko (Kontukantoi)
10.   Bea Larrañaga, May Gorostiaga (Intujai Teatroa)
11.   Bego Gomez, Joaquin Ponte, Pedro Ruiz (Alabazan)
12.   Dorleta Kortazar
13.   Doro Zobaran
14.   Eneko Haritza
15.   Ester Poveda
16.   Imanol Arabaolaza
17.   Iñaki Carretero
18.   Irantzu Mantxo
19.   Itziar Rekalde
20.   Itziar Saenz de Ojer
21.   Ixabel Agirresarobe
22.   Ixabel Millet
23.   Joxemari Carrere
24.   Koldo Ameztoy
25.   Leire Zinkunegi
26.   Maider Alcelay
27.   Maider Galarza
28.   Maite Franco
29.   Marta Alzate
30.   Mikel Martinez
31.   Nagore Leon
32.   Nerea Ariznabarreta
33.   Pello Añorga
34.   Puy Osés
35.   Saioa Aizpurua
36.   Virginia Imaz