2017(e)ko otsailaren 8(a), asteazkena

ERRADIKALAK GARA

Egitasmo interesgarria jarri berri du martxan Lanku Kultur Serbitzuak enpresak bertso edukien sormenerako lanak laguntzeko I Lanku Beka Sariarekin. Lehenengo edizio honetan Ane Labaka bertsolaria eta Bea Egizabal kontalaria izan dira sarituak "Erradikalak gara" proposamenarekin. Beka honen helburua da antolatzaileen esanetan " batetik bertsolaritza muinean duten emanaldiak sortzea eta laguntzea; eta bestetik sortzaileen eta Lankuren arteko elkarlana sustatzea". Aurkeztutako lau proposamenen artean "Erradikalak gara" izan da aukeratua eta 800 euroko saria jasoz sormen lana martxan jarri ahal izateko..
Labakak eta Egizabalek bertsoa eta bakarrizketa uztartu dituzte ikuskari honetan "erraietatik abiatuz" beraien hitzetan eta "erradikalak zarete" entzun izan ohi dutenaren aurrean, "behar baino gutxiago" pentsatzen omen dute. Umorez eta kontraesanak airean erraietara heldu nahiko dute, ikusleak, erradikalak zarete horren aurrean, behar baino gutxiago pentsatzen amaituko duelarik.
Ikuskariaren ideia euren herrian, Lasarte-Orian, elkarrekin egindako saio batetik heldu zitzaien. Bakarrizketak eta bertsoak elkarrekin uztartzearen esperientzia hartatik iksukari honen lehenengo urratsak heldu ziren.
"Sorkuntza arma politikotzat" dute bi sortzaileek, horri heltzeko umorea tresna garrantzitsua deritzotela. Borrokabidetzat dute sormen jardun horiek biak uztartuta generoarekin zerikusia dituzten gaiak lantzen dituzte. Publikoarentzat bezala beraientzat ere sormen proposamen honek jakinmin handia sortzen die. Feminismoa eta umorea, bertsoak eta bakarrizketak, ahozkotasunaren bidetik kontraesanak bistaratzen ibiliko dira han eta hemen.














2017(e)ko otsailaren 4(a), larunbata

Kontaketa ikastaroa

Ahoz Ahoz Nazioarteko ahozkotasun Jaialdiaren egitarauean, iragarrita da Kontaketa ikastaroa. Izena emateko epea zabalik dago nahi duenarentzat. Martxoaren 4ean eta 5ean izango da ikastaroa Tolosako Amarotz auzoan. Irakaslea Numancia Rojas kontalari txiletarra izango da. Numancia eskarmentu handiko emakumea da kontalarintza, bai kontalari gisa zein formatzaile eta dinamizatzaile moduan. 
Kontalaritzan lehen urratsak eman nahi duenarentzat aproposa eta saiatua denarentzat formakuntza polita. Ez galdu aukera. Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko: intujai@intujai.net

2017(e)ko otsailaren 2(a), osteguna

IPUINEN AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA

Badira hamar urte Intujai Teatroa taldeak Gipuzkoako Tolosako eta Ordiziako udalekin batera AHOZ AHO Nazioarteko Ahozkotasunaren Jaialdia antolatzen duela. Jaialdiaren hamaika ekitaldien artean Ipuinen Ahozko Narrazio lehiaketa hasi ziren antolatzen, aurten bosgarren edizioara heldu delarik. Lehiaketa honetara edonor aurkez daiteke eta ipuin bat kontatu beharko du ahoz gora. Kontaketa sustatzeko asmoarekin hasi ziren lehiaketa antolatzen eta, batez ere, kontalaritzan urratsak eman nahi duen jendeari aukera bat ematearren. Euskal Herrian antolatzen halako lehiaketa bakarra da, beraz aukera ona kontagintzaren munduan abiatu nahi duenarentzat. Edo aurretik dabilenarentzat erronka ere  bada, bere lana beste modu baten "epaitua" izango baita. Informazio gehiago hementxe aurki dezakezue: Ahozko narrazio lehiaketa
Horrekin batera Jaialdia bera martxan da, urtero bezala Martxoan bilduko direlarik ekitaldi ugari Tolosan zein Ordizian. Aurten jailadi berezia izango da hamargarren urteurrena ospatzen dutelarik; hori dela eta ekitaldi bereziak iragarri dituzte Intujai Teatroa taldeko antolatzaileek. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero:  X Ahoz Aho Nazioarteko Ahozkotasun Jaialdia

KONTALARITZA HIZPIDE DONOSTIAN

Hamar urte badira Donostiako Ernest Lluch kultur etxean kontalaritzari dedikatutako gunea dutela. Narratzaileen Txokoa izenarekin kontalari zaletu zein profesionalek euren ipuinak kontatu izan dituzte. Orain egitasmo berriarekin datoz: "Déjame que te cuente". Antolatzaileen esanetan; "Programa berriaren helburua prestakuntzan sakontzea da, parte hartzaileei beren sormena eta istorioak kontatu eta entzuteko gaitasuna lantzeko tresnak eskainiz, ahozkotasunaren teknikak aurkeztuz eta, bide batez, beste kultura eta tradizioen ezagutza bultzatu." Horri heltzeko Otsailetik Ekainera bost mintzaldi antolatu dituzte, lau kontalari eta ahotsean aditu den Carmen Quiñonesekin.. Hilean behin izango dira hitzaldiak Donostiako Ernest Llluch Kultur Etxean, sarrera debalde izango delarik. Virginia Imaz kontalariak hasiera emango dio zikloari otsailaren 2an, Y que tenga de repente, saioarekin. Hurrengo hilabeteetan, hurrenez hurren, hizlari hauek izango ditugu: Martxoak 2 Numancia Rojas, Viejas costumbres, yo cuento, tu cuentas; apirilak 6, Boni Ofogo, Cuentacuentos como instrumento para la interculturalidad y la paz; maiatzak 4, Carmen Quiñones Técnica Vocal; eta amaitzeko zikloa ekainaren 8an Ines Bengoa izango dugu, Contar desde la piel, aproximación a los cuentos eróticos.
Informazio gehiago eskuratu nahi duenak hementxe: Déjame que te cuente
Interesagarria oso halako jardunaldiak, izan ere ez baitira ohikoak kontalaritzaren gaineko gogoeta eta prestakuntza saio irekiak; dena dela euskararen presentzia hutsa izanik hurrengoetarako hau ere kontuan hartzea beharrezkoa genuke, jende faltarik ez baitago gai honi heltzeko.