2017(e)ko otsailaren 8(a), asteazkena

ERRADIKALAK GARA

Egitasmo interesgarria jarri berri du martxan Lanku Kultur Serbitzuak enpresak bertso edukien sormenerako lanak laguntzeko I Lanku Beka Sariarekin. Lehenengo edizio honetan Ane Labaka bertsolaria eta Bea Egizabal kontalaria izan dira sarituak "Erradikalak gara" proposamenarekin. Beka honen helburua da antolatzaileen esanetan " batetik bertsolaritza muinean duten emanaldiak sortzea eta laguntzea; eta bestetik sortzaileen eta Lankuren arteko elkarlana sustatzea". Aurkeztutako lau proposamenen artean "Erradikalak gara" izan da aukeratua eta 800 euroko saria jasoz sormen lana martxan jarri ahal izateko..
Labakak eta Egizabalek bertsoa eta bakarrizketa uztartu dituzte ikuskari honetan "erraietatik abiatuz" beraien hitzetan eta "erradikalak zarete" entzun izan ohi dutenaren aurrean, "behar baino gutxiago" pentsatzen omen dute. Umorez eta kontraesanak airean erraietara heldu nahiko dute, ikusleak, erradikalak zarete horren aurrean, behar baino gutxiago pentsatzen amaituko duelarik.
Ikuskariaren ideia euren herrian, Lasarte-Orian, elkarrekin egindako saio batetik heldu zitzaien. Bakarrizketak eta bertsoak elkarrekin uztartzearen esperientzia hartatik iksukari honen lehenengo urratsak heldu ziren.
"Sorkuntza arma politikotzat" dute bi sortzaileek, horri heltzeko umorea tresna garrantzitsua deritzotela. Borrokabidetzat dute sormen jardun horiek biak uztartuta generoarekin zerikusia dituzten gaiak lantzen dituzte. Publikoarentzat bezala beraientzat ere sormen proposamen honek jakinmin handia sortzen die. Feminismoa eta umorea, bertsoak eta bakarrizketak, ahozkotasunaren bidetik kontraesanak bistaratzen ibiliko dira han eta hemen.














iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina