Berri txarra heldu zaigu. Tim Bowley kontalari ingelesa hil zaigu eta guztion bihotzean hutsunea utzi digu. Tim Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan genuen kontari eta bere lilura uzten. Mundu osoko ipuin tradizionalak kontatzen zituen, bertan agertzen diren giza kezkak irudimenaren bidetik aireratuz. Beti eserita, mugimendu eta keinu gutxi baina sendoekin, begiradaren bitartez ere kontatzen zekien pertsona zen. Ahots sendoa, mantsoa, hitzek bizi berria hartzen zuten kontaketa bakoitzean. Beti ingelesez kontari, gurera etortzen zenean Casilda Regueiro lehenengo eta gero Charo Pita kontalari galiziarren gaztelaniara ekartzen zituzten bere kontakizunak, baina ez itzulpen soila eginez, bien arteko konplizitateaz kontakizun bikoitza osatuz baizik.
Tim Bowley joan zaigu eta, ipuinak bezala, gure oroimenean geldituko da gizon handi hori, irribarre zabalekoa, kontalari petoa. Orain kontakizunen oroimena geldituko zaigu, kontatzen duen ahotsa inoiz ez baita hiltzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina