Donostiako KM kulturunean AHOZ AHO Ahozkotasunaren Nazioarteko
jaialdiaren edizio berria aurkeztu da. Martxoaren 7ti 28ra Tolosa eta Ordizian
antolatzen den Kontalaritza jaialdia bere 13. ediziora heldu da egitarau zabal
eta anitzarekin. Prentsa aurrekoan Intujai Teatro talde antolatzailearen
ordezkaria den May Gorostiagak, Maider Alzelai eta Joxemari Carrere
kontalariek, Lander Mujika Ordiziako kultur zinegotzia eta Maria Jose Telleria
Gipuzkoako Kultur zuzendaria hartu dute hitza. May Gorostiagak azaldu du, hasierako ildoari jarraituz Euskal
Herriko artistekin batera gure mugetatik kanpoko sortzaileekin osatu dela programazioa. Aurten Tolosa eta Ordiziaz
gain, jaialdia Amezketa, Albiztur eta Arrasatera helduko da ere bere mugak
apurka zabalduz. Kontalaritzaz gain, magiak, bertsolaritzak eta zirkuak beren
lekua izango dute ere. Proposamen artistiko desberdinek eta kontaketa estilo
anitzek euskal kontagintzaren ezinbesteko erreferentzia bihurtu dute AHOZ AHO
jaialdia.
Ikuskariaz
aparte, urtero bezala bi ikastaro eskainiko dira, bata haurrei zuzendua Maider
Alzelai kontalariaren eskutik, Ordiziako Jakintza ikastolako eta Urdaneta
ikastetxeko ikasleekin burutuko dena. Alzelaik haurrekin kontalaritza eta
orohar ahozkotasuna haurrekin lantzearen garrantzia azpimarratu du, berari,
kontalaria den aldetik ilusio handia egiten diolarik. Ordiziako Lander Mujika zinegotziak azpimarratu du halako
jaialdiak herriko kultur bizitzari egiten dion ekarpena, urte guzti hauetan
leku propioa hartu duelarik. Halaber, Gipuzkoako Aldundiarentzat horrelako kultur proposamenaren garrantzia
azpimarratu du Telleria kultur zuzendariak, lurraldeko eskaintza kulturalaren
aniztasuna sendotuz. Joxemari Carrere kontalariak Euskal Narratzaileen Topaketa
aurkeztu du. Topaketa duela lau urte hasi zen antolatzen, euskal kontalarien
eguna izateko asmoz. Jaialdiaren azken egunan ospatzen da itxiera moduan. Hiru
parte izan ohi ditu, lehenengoan mahai inguru bat izan ohi da gai zehatz baten
bueltan. Aurten “Beste Pertzeptzioak” izenburupean dislexia duen iƱaki
Carretero kontalaria, Itsua den Pello Mindegia eta Asperger sindromea duen
Mikel Sagarzazu aktore elkartu dituzte. Hirurek euren pertzeptzioak azalduko dituzte
ipuinak entzuterakoan edo kontatzerakoan. Mahai inguruaren ostean Celine Ripoll
kontalari frantsesak polinesiako tradiziotik abiatutako emanaldia eskainiko du.
Eta eguna amaitzeko lagunarteko bazkaria egingo da. Bazkarian, azken urtetan
bezala, Urrezko Kalabaza saria eskainiko da. Sari honekin ahozkotasunari
egindako ekarpena goraipatu nahi izaten da. Aurten Ahotsak.eus egitasmoa saritu
nahi izan da euren ahozko bilketaren garrantzia azpimarratu nahian. Beste bi
sari ere eskaini ohi dira, baina horiek bazkarian bertan emango dira
ezagutzera, eta urtero bezala bertako eta kanpoko kontalariei eskainiko zaie.
Kontalariak,
ikastaroak, magoak, bertsolariak, ez da ezer faltako Ordizian eta Tolosan
martxoan barrena, kontalaritzaren eta ahozkotasunaren hiriburuak bihurtuz AHOZ
AHO jaialdiaren eskutik.
Jaialdiaren informazioa hemen: http://intujaiteatro.blogspot.com/2020/01/ahoz-aho-2020-egitaraua-programa.html
Jaialdiaren informazioa hemen: http://intujaiteatro.blogspot.com/2020/01/ahoz-aho-2020-egitaraua-programa.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina