2014(e)ko urriaren 27(a), astelehena

KONTUZ KONTARI! 2014


Bigarren urtez hemen dugu KONTUZ KONTARI! Errenteriako Ipuin Kontaketa Jaialdia. Urriak 31 eta azaroak 1 eta 2 egunetan aukera paregabeak izango ditugu kontalaritzan dauden proposamen interesgarriekin. Helduei  zuzendutako jaialdiak Euskal Herriko kontalaritzaren bizitzari bere ekarria egin nahi dio, kontalaritza jardun artistiko gisa gero eta presentzia handiagoa izan dezan euskal kulturan. Kontalariak zein ikuskariak ahalik eta kalitate handienak izatea bilatzen da, antzoki batean eskainiaz, beste arte eszenikoak eskaini ohi diren gisa, antzokietako espazioak ere kontalaritzarako aldarrikatuz. Aurten lau kontalari apartak gurean, Euskal Herritik Bego Alabazan eta Itziar Rekalde; eta gure mugaz kanpotik Michèle Nguyen belgiarra eta Boni Ofogo kamerundarra. Horrekin batera hasiberri zein zaletuentzat kontatzeko espazioak eta uneak ere eskaini nahiean, Ipuin Gaubeila proposatzen dugu, nahi duenak bere ipuina edo istorioa konta dezan. Zaletuentzat espazioak eskaintzea kontalaritzari oinarri sendoak eraikitzeko bidea da, etorkizuneko kontalarientzat trebatze lekuak, edo besterik gabe kontatzea maite duenarentzat espazio askea. Era berean formakuntzak bere lekua  nahi izan du, Peio Añorga kontalari saiatuak bere ibilibidea oinarri hartuta, ikastarotxoa eskainiko du. Eta jakina, kontatzea ere bada festa, beraz Ipuin Poteoa ezin falta, tabernak tradizionalki izan baitira hamaika istorio eta kontu askatasunean entzuteko eta kontatzeko lekuak. Eta kaleak, herriak, hiriak espazio majiko gisa hartu nahiean, Errenteria Majikoa erakutsiko dugu, bertako txokoetan gordetzen diren istorioak, leiendak ezagutuz; espazio hiritarra humanizatu egiten delakoan baikaude.
Kontalaritzaren zaletuak zein kultura orokorrean maite dutenentzat aukera aparta ikuskari ederrekin gozatzeko. Errenterian urriak 31 eta azaroak 1 eta 2. Kontaketa ikuskariak Niessen antzokian izango dira, iksukari bakoitzeko sarrera 8 urokoa delarik, laurentzat erosiz gero, merkeago 25 €
Jaialdia Errenteriako Udalak eta Ladamasa Kontalaritza Elkarteak elkarrekin burututako ekitaldia da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina