2016(e)ko abuztuaren 3(a), asteazkena

CAPBRETONEN KONTAKETA NAGUSI

Capbretoneko ipuin jaialdiaren bigarren eguneko apero-contes saioan Frédéric Naud eta Élisabeth Troestler kontalariak euren lanen iruzkinak eskaini zion lorategi publikoan bildutako jendeari. Troestlerrek haurrentzako ipuinak kontatu zituen, nahiz eta denok jakin ipuinak guztiontzat diren, eta hori sumatu zen publikoaren harrera ikusita. tradiziotik ekarritako ipuinek berehala erakarri zuten jendea, kontalari bretainiarrak ederki ezagutzen baitu kontatzearen artea. Naud-ek ere erakutsi zuen kontatzea ez dela bakarrik hitzak beste baten atzetik botatzea, euren gorputzaren eta ahotsaren lanketak ipuinak jendearen baitara eramaten laguntzen baitzuen. Saio polita zuhaitzen girizpean, asteazkenean norberak bere aldetik eskainiko duten ikuskarien aperitifa moduan. Kontalari hauen gaineko informazio gehiago nahi duenak leku hauetan aurki dezake: Elizabeth TroestlerFrédéric Naud 
GAUEKO SAIOA
Gaueko saioan Michel Faubert-ek eta André Minvielle-k elkarrekin prestatutako ikuskaria eskaini zuten hondartza ondoan dagoen Salle Ph'art aretoan. Jaialdiak proposaturiko ikuskaria zen, bi sortzaileak lau egunez arituz elkarren sormenak uztartuz. Minvielleren musika eta kantua Fauberten ipuinekin, ikuskari desorekatua osatu zuten, musikaren aldera gehiago joz kontakizunera baino. Minviellen sormenaren estiloa argi ikusten zen, aldiz, Fauberten istorioak kontatzen duen abileziarekin disfrutatzeko gogoz gelditu ginen, ipuin gehiago entzuteko gogoz. Hala ere, ikuskari txukuna eta publikoaren gustukoa izan zen. Arras interesgarria da jaialdiaren ekimena izatea estilo ezberdineko bi artista elakrrekin lanean jartzea proposamen berri bat egin dezaten; izan ere, sormenak halako bideak eta elkarlanak behar ditu aurrera egiteko; batzuetan eskas geldituko dira, baina bestetan benetan lan zoragarriak ateratzen dira. Beste sormen bideetan bezala, kontalaritzak ikerketa eta arriskua hartzeko grina behar du, aurrera egingo badu.





2016(e)ko abuztuaren 2(a), asteartea

CAPBRETON KONTAKETAN

Euskal Herriko mugatik gertu dagoen Capbreton herri landesak 27. ipuin jaialdiari hasiera bikaina eman zion abuztua hastearekin batera. Lorategi publikoan hasiera eman zitzaion jaialdiari apero-contes saioarekin, arratsaldero errepikatuko dena. Jaialdiaren zuzendariaren agurraren ondoren bi kontalari bikainen saio ttikia izan zen. Quebecetik etorritako Michel Faubert-ek eta André Minvielle
gaskoinak euren abileziak erakutsi zituzten kontuan zein kantuan. Faubert-ek istorio kontatuak eskaini zituen Minvielleren perkutsioa lagun; eta honek istorio kantatuak ekarri zituen, norberak bere estilo ederrean; dena dela, Capbretoneko parkean eskainitako saioa astearte gauean emango dutenaren erakusgarria baino ez zen izan, apero-conteserako aproposa, izan ere, saioa amaitu ondoren bertaratutako publikoak antolatzaileek prestatutako mokadua zuen zain, jaialdiari hasiera emateko modu aproposa.
Michel Faubert quebectarra eskarmentu handiko artista da kontagintzan. Ipuinak kontatzeaz gain biltzailea ere bada, Quebec aldeko Michel Faubert
istorioak biltzen dabil aspaldian. Ipuin tradizionalak egungo jendartera ekartzen saiatzen da bere ikuskarietan. Quebectik kanpo aspladian badabil, batez ere frankofonia deritzan hizkuntz esparruko herrialdeetan. Egun Quebec-en dagoen kontalaririk ezagunenetakoa dugu. gehiago jakin nahi duenak hemen begira dezala:
André Minvielle bestalde artista osoa dei dezakegu. Musikatik abiatuta, bere lana nahasketa handiko dugu. Hizkuntzarekin jolas zalea, hamaika hizkera nahas dezake eure istorio kantatuetan. Kantu gakoin tradizionaletik jazzera bidaia dezake, eta herri tradizioak garaikidetasunarekin nahasi. Irribarrea sortarazten ere maisu, trobadore modernoa genduke. Azken aldian frantses hizkuntzaren mintzaira ezberdinen sonoritatearekin dabil jolasten, eta baita beste hizkuntzetakoekin, Suivez l'accent egitasmoarekin. Hemen duzue informazio gehiago: André Minvielle
Ederto hasi zaigu aurtengo Capbretoneko Ipuin Jaialdia. Abuztuaren 1ean hasi eta 4ean amaituko da, kontaketak txoko ezberdinetara eramanez. Eta gainera hondartzan bainutxo bat hartzeko aukera ere badugu. Informazio gehiago: Festival du conte de Capbreton