2016(e)ko abuztuaren 3(a), asteazkena

CAPBRETONEN KONTAKETA NAGUSI

Capbretoneko ipuin jaialdiaren bigarren eguneko apero-contes saioan Frédéric Naud eta Élisabeth Troestler kontalariak euren lanen iruzkinak eskaini zion lorategi publikoan bildutako jendeari. Troestlerrek haurrentzako ipuinak kontatu zituen, nahiz eta denok jakin ipuinak guztiontzat diren, eta hori sumatu zen publikoaren harrera ikusita. tradiziotik ekarritako ipuinek berehala erakarri zuten jendea, kontalari bretainiarrak ederki ezagutzen baitu kontatzearen artea. Naud-ek ere erakutsi zuen kontatzea ez dela bakarrik hitzak beste baten atzetik botatzea, euren gorputzaren eta ahotsaren lanketak ipuinak jendearen baitara eramaten laguntzen baitzuen. Saio polita zuhaitzen girizpean, asteazkenean norberak bere aldetik eskainiko duten ikuskarien aperitifa moduan. Kontalari hauen gaineko informazio gehiago nahi duenak leku hauetan aurki dezake: Elizabeth TroestlerFrédéric Naud 
GAUEKO SAIOA
Gaueko saioan Michel Faubert-ek eta André Minvielle-k elkarrekin prestatutako ikuskaria eskaini zuten hondartza ondoan dagoen Salle Ph'art aretoan. Jaialdiak proposaturiko ikuskaria zen, bi sortzaileak lau egunez arituz elkarren sormenak uztartuz. Minvielleren musika eta kantua Fauberten ipuinekin, ikuskari desorekatua osatu zuten, musikaren aldera gehiago joz kontakizunera baino. Minviellen sormenaren estiloa argi ikusten zen, aldiz, Fauberten istorioak kontatzen duen abileziarekin disfrutatzeko gogoz gelditu ginen, ipuin gehiago entzuteko gogoz. Hala ere, ikuskari txukuna eta publikoaren gustukoa izan zen. Arras interesgarria da jaialdiaren ekimena izatea estilo ezberdineko bi artista elakrrekin lanean jartzea proposamen berri bat egin dezaten; izan ere, sormenak halako bideak eta elkarlanak behar ditu aurrera egiteko; batzuetan eskas geldituko dira, baina bestetan benetan lan zoragarriak ateratzen dira. Beste sormen bideetan bezala, kontalaritzak ikerketa eta arriskua hartzeko grina behar du, aurrera egingo badu.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina