Joxemari Carrere kontalariak ofizioan 25 urte bete dituela ospatzeko The Best Of Joxemari Carrere. 25 urte kontu kontari, ikuskaria estreinatuko du, uztailaren 14ean, ostirala, Errenteriako Niessen antzokian. Emanaldia 19:00etan hasiko da.
Ikuskarian bere ibilbideari errepasoa egingo dio, hasierako kontaketa saioetatik gaur arte. Urte hauetan osatutako ipuin ikuskarietatik, ipuin seinalatuenak eta bere kontagintzan esanguratsuenak izan direnak eskainiko ditu. Hasieran idazle ezberdinen ipuinak kontatzen hasi bazen, berehala ipuin tradizionalen munduan murgildu zen. Euskal tradizioko ipuinetatik hasi eta munduko kultura ezberdinetako ipuinak izan dira bere lanaren ardatz. Tradiziotik ekarritako ipuin horiek egungo jendartearen ikuspegitik landu izan ditu eta gizakiaren hasierako denboratik izan dituen kezkak, galderak eta gogoetak ipuinen bitartez egungo publikoarekin konpartitzea izan du xede. Bere estiloa ironiaz eta humorez zipriztinduta dago eta publikoarekin komunikazio zuzena bilatu ohi du, kontaketa ia elkarrizketa gisa ulertuz.
Ikuskari batzuetan musikariak lagun izan ditu, esaterako hasierako Behin Munduan (1993) Mikel Markez eta Alaitz Telletxea zituen ondoan. Igurtzi nazazu berriro, laztana (1995) ikuskaria berriz, Mikel Markez eta Asier Serrano olerkariarekin egindako elkarlana izan zen, kantua, olerkia eta ipuinekin sexuaren gaineko saioa osatuz.
Bere kontaketa ikuskariek gogoeta bat izan ohi dute abiapuntu, ipuinak horren zerbitzuan daudelarik. Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka (1998), esaterako, IHESAren gainean gogoeta egiteko parada ematen zuen eta kondoien erabileraren garrantziaz. Kontu kontari, hori bai bizitzea (2000), ikuskariak kontalari ofiziori begirada ironikoa ematen zion.
Ikuskariez gain, Carrerek hamaika artikulu argitaratu ditu kontalaritzaren gainean, beti ere arte eszenikoen barnean bere lekua aldarrikatuz eta kulturgintzan beharko lukeen garrantzia seinalatuz.
The Best Of Joxemari Carrere ikuskarian ibilbide horren erakusgarri izango da, beti ere humorea eta irribarrea lagun.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina