2018(e)ko apirilaren 17(a), asteartea

ANTZUOLAKO 5. IPUIN MARATOIA


Igandean egin zen 5. Ahotik Bihotzera, Antzuolako Ahozkotasunaren jaia. Eguerdian kaleak ipuinez bete ziren. Euskal Herriko hainbat kontalari Antzuolako kaleetan ibili ziren ipuinak kontatzen, txiki eta helduen gozamenerako. Ipuin tradizionalak, bitxiak,... entzuleak kontari jarri zituenik ere izan zen. Bazkal ondoren, Torresoroa antzokian zen arratsaldeko hitzordua. Jada entzule fidelak dituen jaialdia da hau eta nahiz eta kontatzera oraindik ez animatu, ipuinak entzuteko prest gerturatu ziren Torresoroara. Bertan, ongietorria egin zien Jone Larrañaga kultura teknikariak kontalariei, entzuleei eta bereziki jaiaren bultzatzailea den Virginia Imazi. Denetariko ipuinak entzuteko aukera egon zen: Martin despistatuaren istorioa; opari perfektua nahi zuen erregearena;
munduko kuborik disdiratsuena ere ezagutu genuen; eta gutxirekin ondo bizi zen arrantzalea ere bai; Marisol Abreuk gazteleraz ipuin errimatu zoragarri bat oparitu zigun; eta jakin genuen badaudela lore batzuk barruan altxor bat dutenak, eta baita ere zergatik egiten dugun negar kipula bat mozten dugunean; eta irribarre egin genuen oilarraren aginduak betetzea baino zeregin garrantzitsuagoa duen Karlota oiloarekin. Eta amaitzeko, Virginia Imazek Colonbiako indiarren ipuin tragiko bat kontatu zigun; saiatu zen momentuaren larritasuna helarazten, baina barrez amaitu genuen. Eta ipuin eta ipuin artean, herriko gazteak animatu ziren oholtzara igo eta publikoari asmakizunak botatzen.
Beste urte betez, egun ederra bizi izan genuen Antzuolan, ipuinen inguruan. Hurrengo urtean, gehiago eta hobeto.
Parte hartu zuten ipuin kontalariak: Dorleta Kortazar, Bego Alabazan, Joaquin Ponte, Joxemari Carrere, Lur Katugorri, Joanes Kortazar, Piter Encinas, Marisol Abreu, Belen Azkarate, Josune Muñoz eta Virginia Imaz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina