Ahozkotasunak literaturarekin duen harremana bi egunez aztertu zuten
Ahozko Literatura bi eguneko jardunaldietan.
Labayru Fundazioak antolatuta alde batetik baladak eta kantu zaharrak aztertu ziren eta bestetik hiru egileren lanetan ahozkotasunak duen eragina azaleratu zen.
Lehenengo egunean Euskal baladak eta maitasun kantuak gure ahozko tradizinoan saioa eskaini ziguten Jabier Kalzakorta ikerlariak eta Maddi Oihenart kantariak. Zuberoako kanten hautaketa bat eginez Kaltzakortak azalpenak eta bestelako azterbideak eginez beroien ulermena eta garrantzia azpimarratu zituen. Horien indartzeko eta duten edertasuna azpimarratzeko Oihenartek ahotsa lagun besterik ez zuela zuzenean eskaini zituen. Saio ederra benetan elakrrekin osatu zutena.
Bigarren eguna bi parte izan zituen. Lehenengoan
Jesús Antonio Cid ikerlariak itsas baladak izan zituen mintzagai
Raptores marinos en la balada europea y en la balada vasca mintzaldian. Jatorri ezberdineko baladak aztertu zituen, baina denak gai berean bueltan, alegia, bahiketak. Bahiketen arrazoien sailkatu zituen eta baladetan agertzen diren elementu amankomunak azaleratu zituen. Harrigarria zen ikustea baladen artean dagoen antzekotasuna, hizkuntza eta kultura ezberdinetan agertuta ere. Gure Brodatzen ari nintzen ederra, katalanez, sefardiz, gaztelaniaz, italiaeraz errekonozitzea harrigarria da. Izan ere, zein ote orijinala? Beharbada guztiak dira orijinalak bere horretan, kultura bakoitzak bere gisara moldatu baititu kantuak eta istorioak, ahozkotasunaren dinamismoa azaleratuz.
Ezaguna egingo zaigu esaterako, El Rey Marinero katalanez dagoen balada honen hasiera: A la vora de la mar/ n'hi ha una donzella/ que broda [d'] un mocadó/ la fló mes bella (...) Hitzaldi ederra eta arrunt interesgarria Cid ikerlariak eskaini zuena, ahozkotasunaren bide anitzak eta aberatsak ulertzeko garaian.
Goizaren bigarren partean hiru sortzaile zeuden gonbidatuak euren sorbidean ahozkotasunaren garrantziaz mintza zitezen.
Yolanda Arrieta eta
Kirmen Uribe idazleek eta
Ruper Ordorika kantariak azalpen ederrak eman zituzten euren lanean ahozkotasunak duen presentzia eta eraginaren gainean. Arrietak ahozko literatura "arimarentzat elikadura" gisa definitu zuen, intimitate gune batean ematen delarik, "bularretik zein begietatik" sortzen den literatura dela esanez. Haurren munduan hizkuntz jolasak diten garrantzia azpimarratu zuen, askotan esanahia baino jolasa berak hartzen duelarik indarra; errimak, hotsak, onomatopeiak..., mundu bat osatzen dute hizkuntzaren baitan haurraren ikasbidean, harriduran hezteko bidean. Idazlea ahozkotasunera ekartzeko garrantzia aipatu zuen, jolas horretan murgiltzeko. Hezkuntzan ahozkotasunak behar duen lekua izan zuen hizpide, logika lantzen den bezala alde afektibo/sentsoriala ere landu beharra eskatuz. Bere literatur lanetan herri literatura duen eraginaz ere mintzatu zen, hala nola, haurrekin zuzenean egindako saioetan bizitako
esperientziak. Hitzaldi ederra eskaini zuen Arrietak.
Kirmen Uribe nobela berriaren idazketan buru belarri murgildurik dabilela, tarte bat hartu eta oraindik "barneko ahotsa" buruan bueltaka zuela bere ahozkotasunaren mundura eraman zituen entzuleak. Bere buruari egindako galderarekin hasi zen, alegia, zein ote zen txikitako lehenengo oroitzapena. Bere kasuan, zioen, ez zen hitz bat edo beste, oroimen sonoroa baizik, hitzen doinuak, berbotsa. Txikitan ahozkotasunaren presentzia nabarmena bizi izan zuela amonaren kantetan, aitaren istorioetan mundu sonoroaren, berbots horien adibideak baino ez ziren. Idazlea izatearen arrazoia ere txikitan entzun egin zuelako arrazoitu zuen. Ahozko istorioetatik idazle gisa eragina izan duenetako ezaugarri bat aipatu zuen. Gertaera baino errelatoa bera interesatzen zaio, izan ere, ahozko narrazio horien sorreran egon den gertaera agian galdu egin da edo zehazgabe gelditzen da, baina kontakizunak ematen diomgarrantzia, gertaera bigarren maila batean geratuz. Kantuen eta kontuen transmisioaz ere aritu zen, Ondarruko adibide batzuk jarriz, deigarria egiten zitzaiolarik nola pertsona bakoitzak transmisio bide horretan berea egiten duen kantua, ipuina edo pasartea, pertsona batetik bestera iragaite horretan aberastuz joaten delarik, aldatuz, moldatuz.
Goiza ixteko Ruper Ordorikak zuen hitza. Kantu zaharrekiko zaletasuna txikitatik zetorkiola aipatu zuen, nahiz eta beste bide musikaletik abiatu gerora. Pop/rokak eta Hiru Truku taldearekin egindako lan ederrak, bere ibilbide musikalaren bi oinak adierazten dute. Herri kantuen liluratze horren arrazoia ulertzeko orduan, txikitan euskalduna izanik Gasteiz erdaldun batean bizi zenean lurraren deia gisa hartzen zuelako agian. Kantu herrikoiak Mundu ezkutua eta ezezaguna zela aipatu zuen; bere herrian bertan ere, Oñatin, halako kanturik zegoenik ere ez zekien, desagertuak zeuden, ikusezinak. Amaitzeko gitarra hartu eta kanta batekin modu ezin ederragoarekin jardunaldiei itxiera eman zitzaion.
Laburrak izanik ere, jardunaldi hauek aukera paregabea izan dira ahozkotasunaren bidean sakontzeko eta jendartean beronen garrantzia ezagutarazteko. Herri baten kulturan ahozkotasunaren sormen artistikoak, direla kontuak, kantuak edo bestelako agerpenak, herri horren zutabe garrantzitsuenekoak dira. Horien ezagutzea eta garatzea zutabe horiek indartzea da.