2017(e)ko martxoaren 17(a), ostirala

CECILIA PAGANINI TOLOSAN

AHOZ AHO Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiak bere bidea egiten ari da martxoan barrena Ordizian eta Tolosan. Ostiralean Tolosan izan zen, Amaroz auzoan eta ikuskari ederra aurkeztu zigun:  En la Boca del Lobo. Kontalaria Cecilia Paganini. Durangon pausa lekua duen artista argentinarrak saio samurra eskaini zuen, Txano Gorritxo eta Otsoaren arteko harremana hizpide hartuta. Barkadadeari aurre egiteko medikuak aholkatuta txakur baten bila doa txakurtegira eta hantxe otsoarekin egiten du topo. Otsoak hainbat istorio kontatuko dizkio eta berak otsoari. Hemendik abiatuta Paganinik eszena gaineko bere abilidadeak erakutsi zituen. Clow ere bada eta hori igartzen zitzaion une askotan, umorearen zein gorputzaren erabileran. Istorioak bata bestearen ondotik lotzean ikuskariari orokortasuna eta logika ematen zion. Orokorrean saio ederra eta samurra, agertutako publikoa irribarre fin batekin utzi zuena, eta, batez ere, istorio gehiago entzuteko gogoarekin.
AHOZ AHO jaialdia bere ekuadorrera heldu da eta hamagarren urtea ederki baino hobeto ospatzen ari da. Oraindik badago zerekin gozatu eta ahozkotasunaren alde ezberdinak ezagutu.
Cecilia Paganiniren ikuskariaren aurkezpena iksui nahi izanez gero: En la boca del lobo

PLUS 55 KONTARI TEDONE JATETXEAN

Badira urteak Donostiako Ernest Lluch kultur Etxean sortu zutela Narratzaileen Txokoa. Bertan astero biltzen dira kontatzearen zaletuak eta euren kontakizunak jende aurrean eskaini. Tarteka kontalari profesionalen bisita ere izaten dute eta ikastarotxo bat edo beste beraiekin, kontalaritzaren teknikak ikasteko. Hortik Plus 55 taldea sortu da, tarteka Narratzaileen Txokotik irten eta beste lekuetan euren kontaketak eramaten dituztenak. Lehengoan Donostiako Tedone Jatetxean kontu kontari egon ziren taldeko lau lagun. Bakoitzak bina ipuin kontatu zituen.  
Gros auzoan kokatzen denTedone Jatetxeak kultur ekitaldi ugari egin ohi ditu gastronomia barazkizalea eta kultura uztartuz. Hitzaldiak, zuzeneko saioak, elkarrizketak... Kultura ohiko lekuetatik atera eta sortzaile eta publikoa elkarren ondoan jarrita harreman berezia bultzatu nahi izaten dute. Oraingoan ipuin kontaketa izan da. Zaletuen eskutik etorri dena. Beste sormen adierazpenetan bezala, zaletuak izatea arras garrantzitsua da kontagintzarentzat, beraiek baitira kulturaren oinarrietako bat. Ordubete polita pasa genuen bertaratutakoak, giro ederrean kontakizunen argitan.

2017(e)ko martxoaren 13(a), astelehena

KOLDO AMESTOY ORANEN

Koldo Amestoy kontalariak Oranen (Algeria) egiten den Festival du Conte jaialdian parte hartuko du. Aurten hamaikagarren edizioa beteko du jailadi hoenk eta magrebeko kontalaritzaren tradizioa zaintzea eta ezagutarazteaz gain, beste herrialdetako kontalariak gonbidatzen ditu euren ikuskariak aurkez ditzaten. Aurten Amestoyk euskal kondairak eramango ditu ahozko narrazioa hain errotuta dagoen herrialdera. Martxoaren 13tik 16ra, egitarau zabala
izango dute, kontaketaz gain ikastaroak ere eskainiko direlarik, kontalari hasi berriak ofizio honetan bidea egiten has daitezen. Espazio ezberdinetan izango dira kontaketak:parkeetan, antzokietan liburutegietan eta partaideak banaka, bikoteka edo taldeka ariko dira euren hitzak eta istorioak partekatzen.
Pozgarria da euskal kontalaritzak gure lurraldearen mugak zeharkatzea eta beste lekuetan geure ordezkari bihurtzea. Koldo Amestoy ibilbide luzeko kontalaria dugu eta ezinbesteko erreferentzia da gure kontalaritzan, beraz ez dago zalantzarik euskal kulturaren ordezkari aparta izango dela.
Jaialdi honen gaineko informazio gehiago nahi izanez gero hemen aurki daiteke:Festival du conte Oran





V AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA

Ordizian (Gipuzkoa) D'Elikatuz gune ederra dute ipuin kontaketan aritzeko, hortaz aproposa AHOZ AHO Ahozkotasunaren Jaialdiak antolatzen duen Narrazio Lehiaketa eskaintzeko. Bosgarren edizioa ospatzen da aurten, bere ibilbide txikia izan arren, euskal kontalaritzan bere lekua egiten ari dena. Larunbatean Ordizian egindako saioa finalerako klasifikazioa izan zen eta sei partaide izan zituen: Irati Goikoetxea (Beasain), Maider Alzelai (Arrasate), Amaia
Pagola (Tolosa), Ekain Auzmendi (Ordizia), Ane Gebara (Gasteiz) eta Sebas Gurtterdege (Zumarraga). Lehiakide bakoitzak ipuin bat kontatu zuen, ondoren bi epai jaso zutelarik; alde batetik publikoarena eta bestetik bost epaileena, azken hauek kontalari profesionalekin osatua: Nerea Ariznabarreta, Maider Galarza, Ixabel Agirresarobe, May Gorostiaga eta Joxemari Carrere . Sei lehiakideetatik hori izan ziren aukeratuak Ordizian martxoaren 24ean egingo den finalerako. Publikoak Ane Gebara gasteitarra auekra zuen finalerako, eta epaileek Maider Alzelai arrasatearra eta Amaia Pagola tolosarra aukera zituzten. Finaletik kanpo gelditu zen iaz irabazle izan zen Irati Goikoetxea beasaindarra. Antolatzaileen esanetan puntuaketa nahiko estua izan zen. Aurkezle lanetan Iñaki Carretero kontalari oriotarra ibili zen eta lehiakideak aurkezteaz gain, mikroipuinetan gozatu zuen saioa.
Saioari amaiera emateko joan den urtean lehiaketan parte hartutako Ekaitz Goikoetxeak saio txiki bat egin zuen olerkia, ipuina, kantua eta bertsoa uztartuz, ohikoa duen estiloari jarraituz. Saio polita leku ederrean,  Ahoz Aho jaialdiaren ikurra bihurtzen ari den lehiaketa. 
Jaialdia aurrera doa eta Ordizian eta Tolosan aste honetan ere ez dira faltako ahozkotasunaz gozatzeko ikuskariak. 












2017(e)ko martxoaren 6(a), astelehena

ISTORIO BIZIAK 2017

Laugarren urtez aurten ere gure artean dugu ISTORIO BIZIAK jaialdia, kontaketak, olerkiak eta bertsoak uztartzen dituen ahozkotasunaren festa. Bilboko Barrutia 02-Uribarrin martxoaren 6ti 9ra zabalduko da eta hamaika ekitaldi eskainiko du. Helduentzat zein haurrentzat olerki saioak, bertsoak eta kontaketak izango dira leku ezberdinetan. Alabazan taldekoen eskutik sortutako jaialdiak eta Bilboko udalaren kultur arloak bere lekua egin du Bizkaiako hiriburuaren kultur eskaintzan eta euskal kontagintzarentzat erreferentzia ere bada. Bilbo aldean egonez gero auekra ederra ahozkotasunean murgiltzeko eta kontaketaren bideak jorratzeko.
Informazio osatua hemen aurki daiteke: Istorio Biziak

2017(e)ko martxoaren 4(a), larunbata

Numancia Rojas Tolosan

Tolosan eta Ordizia hasi berria den Ahoz Aho Nazioarteko ahozkotasunaren jaialdiari irekiera eman dio Numancia Rojas kontalari txiletarrak.
Donostian eta Tolosako Amaroz auzoan kontaketa saio bana egin ondoren, asteburuan formazio ikastaro bat emango du.  Kontalaria izateaz gain,  1987tik "Ipuinak kontatzearen artea" tailerra eskeini izan du Mediterraneo aldeko hainbat unibertsitatetan, gaur egun Castellóko (Herrialde Katalanak) Jaume I unibertsitatean eskaintzen duelarik. Hainbat ikastaro ere eskaini ditu han eta hemen eta 2007an "Ni brujas ni cenicientas" liburua argitaratu zuen.  Bere egitasmorik handiena segur aski Bartzelonan orain dela 20 urte zabaldu zuen "Ipuinaren Etxea" izango da. Bertan hainbat eta hainbat kontaketa saio eta ikastaro eskaini dira eta milaka pertsona pasa dira bertatik. Bartzelona, Alacant eta Txileko Santiagoren artean bizi da. Hasiera ezin hobea hamar urte ospatzen dituen jaialdiarentzat.

Nola pasa dira eskaini dituzun bi kontaketa saioak?
Oso ondo. Oso pozik nago aspaldian ez bainuen hain jende esku zabala eta irekia. Nik aurkitu dudanaren beste ideia bat neukan eta liluragarria izan da jendeak irribarre egiten duela, euria egin arren ipuinak entzun nahi dituela. Harrituta nago eta oso pozik. nire pijama eta hotzetako zepilloa utziko ditut hemen berriro itzultzen naizenerako. (barreak)

Leku batetik bestera ipuinak entzuteko moduan ezebrdintasunak aurkitzen dituzu? Gurean, esaterako.
Bai, bai; ezberdintasun handiak daude. Hara, behin unibertsitate batera joan nintzen kontatzera, gizarte gaiak ikasten ari ziren ikasleentzat, ni horretan bainago espezializatuta; ba ni gai horren gaineko ipuinak kontatzen ari nintzen, asko maite ditudanak, eta ikasle guztiak aurpegi luzeekin zeuden. Nik pentsatzen nuen ez zutela batere maite nire saioa, txalotzen ere ia sasoirik gabe ari ziren; baina amaitutakoan, niregana gerturatu ziren batzuk eta sekulako zorionak eman zizkidaten izugarri gustatu zitzaielako saioa. Ene, zergatik ez zuten azaltzen hori! Hemen eskaini ditudan bi saioetan berriz, jendearen espresioa sumatzen nuen, sentitzen nuen jendeak benetan eskaintzen zidala bere irribarrea, arreta jartzen zuela.

Zuk nola definituko zenuke zure kontatzeko estiloa?
Nik ez dut interpretatzen, ez dut inpostatzen, ez dut honako edo halako jarrera hartzen; saiatzen naiz nolabaiteko elkarrizketa bat izatea, saiatzen ahalik eta ez fiktizioa izan dadin, ipuina nire erraietatik irten dadin, burutik pasa gabe. Eskaintzen ditudan ikastaroetan ere ez dut nahi izaten ikasleek interpreta dezaten, naturaltasuna bila dezaten nahi dut. Ni horretan saiatzen naiz, modu naturalean kontatzen, berriketan aritzean bezala.

Bartzelonan Ipuinaren Etxea zabaldu zenuen orain dela hogei urte, nola pasa da esperientzia hori?
Ipuinaren Etxea gaur egun Bartzelonako leku esanguratsua da, oraindik nirea da, baina traspasatzen ari naiz, beste pertsona batek hartuko du, eta espero dut nik hasitako proiektuarekin jarraitzea; berarekin ari naiz horretan. Etxean bost eta zazpi arteko ipuin saio egiten dira astero, eta bost kontaketa tailer daude martxan.gaurarte 3.200 pertsona pasa dira bertatik kontatzeko tresnak lortu nahian eta hogei urte hauetan bertatik pasa den publikoa zenbatu ezina zait. Une honetan ere beste bi kontalarik, Arnau Vilardebok eta Martha Escuderok, alokatu egiten didate lokala kontaketa programazio bat egiteko astebururo.
Zabaldu nuenean jende askok ez zuen sinisten egitasmoan, eta txantxetan ere hartzen zuten, baina pixkanaka bere lekutxoa egin du eta gaur egun erreferentzia bihurtu da Bartzelonan. nik behintzat gauzak ondo egin izanaren satisfakzioa daukat.  Baina ni nomada naiz eta beste bide batzuk ibili nahi ditut. Inoiz ez naiz bizi izan leku batean Bartzelonan bezain beste, ezta nire jaiotze hirian ere. Han hamabi urte arte bizi izan nintzen, eta Bartzelonan berriz hogei egin ditut, hogei! Aldatu beharra daukat.

Ahoz Aho jaialdian parte hartzen ari zara, nola ikusten duzu jaialdien garrantzia kontaketarako?
Uste dut arte hau zabaltzeko modu bikaina dela, jendeak parte har dezan, kontalari ezberdinak ikus ditzan, beste ahots batzuk entzun ditzan. Jendeak hau guztia bere bizitzan eguneroko zerbait bezala har dezan izan behar du jaialdiaren helburuetako bat, ez aparteko zerbait bezala. Jaialdi batetik abiatuz jarraikortasuna eman daiteke kontaketa programazio bati. Jaialdi hau, esaterako, beharrezkoa da, kontalaritzari indarra ematen dio, eta gainera ez balego ni ez ninduten gonbidatuko inoiz (barreak). Eta orain Ipuinaren Etxetik dibortziatu egingo naizela munduko jaialdi guztietara joan nahi dut, gonbidatzen ez badidate ere, jende ezberdinak ikusi nahi ditudalako kontatzen, leku eta estilo ezberdinetakoak.