Beste urte batez Donibane Lohitzuneko mediatekak Festi-Contes kontaketa jailadia antolatu du. aurten Azaroaren 8tik 18ra luzatuko da jaialdia, Donibanez gain, Ziburun, Arbonan, Azkainen, Saran eta Getarian izango dira emanaldiak. Eta beti bezala jaialdia Ipuin Gauarekin amaituko da Donibane Lohitzuneko Maurice Ravel Auditoriumean. Emanaldi gehienak haur eta familientzat badira ere, gazte eta helduek izango dute aukera ipuinak entzuteko; eta emanaldi gehien gehienak frantsesez badira ere, euskarak badu bere lekutxoa Yon Garmendiaren eskutik. Koldo Amestoyk In Vino Veritas kontaketa saioa eskainiko du, baina oraingoan honetan frantsesez.
Estilo ezberdinetako kontalariak eta saioak izango dira Azaroan barna, guztiak interesgarriak, baina saio bat aipatzekotan, azken eguneko Ipuin Gaua aipatuko genuke; alde batetik, urtero elkartzen den jende handiagatik, eta bestalde kontalarien mailagatik. Aurten Yannik Jaulin seinalatuko genuke bereziki (jakina, gainontzekoei garrantzia kendu gabe); Frantzian dagoen kontalari ezagunenetakoa izateaz gain, bere lana arras interesgarria delako.
Egitarau zabala, anitza eta interesagarria aurten ere, Donibane Lohitzuneko Mediatekak eskaintzen diguna Festi-Conte jaialdiarekin. Kontalariak eta zaletuak ezagutu beharreko jaialdia, Euskal Herrian antolatzen diren bakanetakoa baita.
Informazio gehiago hementxe: Festi-Contes
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina