2019(e)ko ekainaren 12(a), asteazkena

EUSKAL KONTALARIAK GUADALAJARAN

Ana Apikak eta Virginia Imazek euskal kontalariek euren ikuskariak  Espainiako Guadalajara hirian ekainaren 14tik 16ra antolatzen den 28. Ipuin Maratoian  aurkeztuko dituzte Monucuentos sailaren barnean. Jaialdiaren aurtengo gaia Sorginak denez euren kontaketa proposamenak horren gainean izango dira. Ana Apika bilbotarrak Brujas (Sorginak) izeneko ikuskaria aurkeztuko du publiko familiarrarentzat. Sorginak gure artean daude, beldurra eta barrea eragiten dute, zer egiten dute? nola bizi dira? Anaren hitzetan denetarik dago, botikan bezala. Horren bueltan ariko da saio sorgindu batean. 
Virginia Imazek helduei zuzendutako espektakulua aurkeztuko du. Sortilegio (Sorginkeria) ikuskariak sorginak eta sorginkeriak, aztikeriak eta lilurak izango ditu ardatz, bi sorginkeria elkarren ondoan jarriz, aztikeria eta hitza.
Bi kontalariak eskarmentu handikoak ditugu, Euskal Herritik at ere euren ikuskariak eskaini dituztelarik. Virginia Imaz euskal kontagintzaren aintzindaritako bat dugu, eta jasotako azken sari Emakunde Saria izan da; bere ikuskizunak hainbat herrialdetan aurkeztu izan du, beti ere harrera ederra jasoz. Ana Apikaren lana haurren munduan garatu du bere jardun gehiena, hala ere, helduentzat ere aurkeztu izan ditu ikuskariak bai euskal eszenatokietan zein gure mugetatik kanpo. Euskal ordezkaritza bikaina  beraz, Gaztela- La Manchako hirian. 
Ana Apika
Virginia Imaz
Guadalajarako ipuin jaialdia Europako garrantzitsuenetakoa da eta bertatik Europako zein munduko beste lekuetatik etorritako puntako kontalariek parte hartu izan dute. Guadalajarako Haur eta Gazte Literaturako Mintegiak antolatzen du. Hasieratik oso jaialdi herrikoia izan da, hiritar ugari parte hartuz bolondres gisa, baina baita ere kontalari moduan; izan ere, benetako maratoia baita hasieratik, ostiraletik igandera eta 46 orduz etengabe Infantadoko Jauregiko taula gainetik ehunka lagun pasatzen baita ipuin bana kontatuz. Horrez gain urtetik urtera Jaialdia aberasten joan diren ekimen berriak joan dira gehitzen, hala nola, Ahozko Narrazioaren Jaialdia, Monucuentos, Irrati maratoia, Hitzaldiak, Inauditos saila, ..., aurtengo berrikuntza Pintxo Maratoia izango dute. Honek guztiak, Ipuin Maratoia urteroko ezinbesteko zita bihurtu du kontalari zein zaletuentzat. Hiru egunetan Guadalajara hitzaren bihurtzen da ipuinak nonnahi eta modu ezberdinetan entzuteko eta kontatzeko aukera dagoelarik. 
Aukera ederra beraz euskal kontalarien lana gure mugetatik kanpo erakusteko kontalaritzaren gertaera handienetako batean. Euskal sorginen esaerak dioen moduan: Izan zirelako gara, garelako izango dira. Hala bedi.

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero: http://www.maratondeloscuentos.org/monucuentos-2019/






2019(e)ko martxoaren 29(a), ostirala

IPUINAK OINUTSIK

Nicolas Buenaventurak zapatak erantzi ditu tabernaren txoko batean. Ondoren galtzerdiak. Oinutsik geratu da. Nicolasek ipuinak oinutsik kontatzeko ohitura dauka, lurrari lotzen diolako, hitza lurrarekin lotzen. Tabernan zorua baldosez egina da; baldosak baina, lurraz egiten dira, lur egosiaz, denboran iraun dezaten. Ipuinak ere  hitz egosiaz egiten dira, iraun nahi duten hitzez. Eta lur egosiez egindako baldosen gainean pausatzen dira kontalariaren oin hutsak, bere ahoan egositako hitzek lur sukaldatu horrekin bat egin dezaten. 


Ataungo Troskaeta tabernan Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren azkenetako kontaketa saioa hastear da. Nicolas Buenaventura kontalari kolonbiarrarekin batera Amaia Arriaran Bergarako kontalaria ariko da. Taberna txikia da eta txoko batean prestatu dute kontatzeko espazioa. Afaldu berri diren berzero batzuekin emanaldira propio etorritako ikusleak daude. Azken kafeak, kopatxoak, zerbezak. Jendea eskenatoki inprobisatu aldera jartzen da, batzuk barran, besteak aulki txikietan. Tabernetan ipunak kontatzeak badu zerbait berezia, jendea gertu gertu dago, arreta gal arazi dezaketen zaratek, zurrumurruak, ustekabean sartzen dena... Baina tabernak ere hitzaren lekuak dira, hitz bizienak, zenbat istorio ez ote diren kontatu eta kontatuko tabernetan. 
Ikuskaria hastera doa, May antolatzaileak,  isiltasuna eskatzen du kontalariak aurkeztu ondoren.  Amaia Arriaranek Donejakue bideko istorio batekin hasi da, kontu zaharra. Eta zarataren, berritsuen, olgetaren lekua den taberna isilik entzuten du. Ikusleek arretaz jarraitzen dituzte istorioak, istorio laburrak, baina gogoetarako bidea zabaltzen dutenak. Bada denbora puxka bat Amaiak ipuinak kontatzen hasi zela eta sumatzen zaio erritmoen eta mugimenduen naturalitatea agertzean. Natural izatea ordea, ez da hain erreza, eszenan batez ere. Bere partea amaituta Nicolasen txanda dator.
Oinutsik. Amaia ez bezala, aulkitxo batean eserita,  ipuinean zuzenean sartzen gaitu. Afaltzen ari den  gazte kuadrila txintin ez du ateratzen, tarteka sagardoaren txorrotada baino ez da entzuten. Munduko tradizio ezberdinetatik ekarritako ipuinak bata bestearen ondotik harilkatuz mintzatzen da. Batzuetan musika tresna txikiren batekin lagunduta, ikusleen garunak pentsatzen jartzen ditu, igarkizun bat dela, bizitzaren gaineko istorio krudel bat edo jolas egiteko istorioa. Motel mintzo da Nicolas, hitz bakoitza ondo sukaldatuz, istorioak tabernan zabalduz. Ataun herri mitologikoan, pentsamendu magikoa sagardo txorrotaden artean nahasten da.
Emanaldia amaitu eta batzuek tabernan jaraituko dute, besteek etxerako bidea hartu; baina guztiek izango dute zer pentsatu, zer komentatu entzundako ipuinen gainean. 
Oinutsik kontatutako istorioak. Lurrari lotuak. Pertsonei lotuak.

2019(e)ko martxoaren 20(a), asteazkena

KONTALARITZAREN ALDEKO EUSKAL MANIFESTUA

Munduan beste askok bezala, Kontalaritzak badu bere eguna: Martxoaren 20a. Urrutiko lurraldeetatik gertuagoetara; baso ilunetan eta basamortu beroetan; kale estuetan eta plaza zabaletan; sutondoan eta tabernetan ipuinak ahotik belarrira igaroko dira mundu fantastikoak irudikatuz, abentura harrigarriak bizituz, pertsonaia liluragarriak ezagutuz. Hitz esanaren erresumaren eguna da Martxoaren 20a, pentsamendu magikoaren aldarrikapen eguna.

Munduan izan diren, diren eta izango diren kultura guztietan istorioak, kondairak eta ipuinak euren zutabe nagusienetakoa izan da, batez ere kultur transmisio nagusiena ahozkoa denean. Izan ere haur garaian jasotzen dugun informazioa guztia ahozkoa da, kantak, istorioak, hitz jolasak, igarkizunak, pasadizoak denak belarritik sartzen zaizkigu, imajinario kolektiboaren parte bihurtzen garelarik nahi gabe, eta hori bizitza osoan izango dugu bidaide. Komunitate humano guztiek euren mundu ikuskera, harreman eta jarrera sozialak elkar komunikaziotik eraikitzen eta ezartzen joan dira, garaiekin eboluzionatuz.
Euskal kulturan ipuinak gure kulturaren oinarrietako bat izan dira denboraren barrena, euskal imajinarioa eraikitzen hitzaren erritmoan. Artazuriketetan, etxeko sutondoan, tabernetan, garbilekuetan, sehaskan, kontakizunak euskal pentsamendu magikoa eraikitzen joan dira; euskaldunok mundu ikuskera propioa belaunaldiz belaunaldi pasatzen jakin izan dugu. Mitologia berezkoa sortu dugu, beste kulturetatik heldu zaizkigun istorioak gurera aldatu izan ditugu. XIX. mendetik gaurdaino hamaika dira egin diren ipuin bildumak, aberastasun ikaragarria erakutsiz. Oraindik ere etxeko sukalde askotan, auzolanetan eta lagun artean,  aspaldiko ipuinak kontatzen  dira, harrigarria bada ere. Baina honek guztiari balorea ematen ote diogu euskaldunok? Kontziente ote gara kontakizunek gure kulutan duten garrantziaz? Hizkuntzaren transmisioan ere sekulako garrantzia izan du eta du ipuinak kontatzeak. 
Gaur egun ordea, ikusentzunekoen eraginez zein interneteko komunikazioaren eraginez, hori guztia hankaz gora jartzen ari da, aurrez aurreko ahozko transmisioa bazter utzita eta imajinario kolektiboak komunitatetik kanpo dauden eragile arrotzen eskuetan dago gero eta gehiago. Eragile horien helburua komertziala izan ohi da, alegia, komunikazio humanoa merkatu gisa erabiliz, pertsonen arteko harremanak produktu gisa hartuz. Horren aurrean ahoz gora eta aurrez aurre kontatutako istorioak pertsonen arteko harremanak humanizatzen lagunduko du. Kontalaritzaren Eguna horren aldarrikapena da.
Eta hala bada, hala bedi.

2019(e)ko martxoaren 12(a), asteartea

VII AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA

AHOZ AHO 2019
KONTATU GUREKIN!
Ordiziako D´elikatuz gunean  eman zaio 2019 Ahoz aho jaialdiari hasiera. Bertan VII Ahozko Narrazio Lehiaketa izan da. Lehiaketari hasiera eman aurretik Felipe Ugarte musikaria izan da bertako giroa goxatzen. Hang izeneko perkusio instrumentuarekin.
Aurkezle lanetan Ane Gebara kontalaria aritu da eta bost partaide izan dira lehiaketan. Amaia Ruiz de Galarreta (Tolosa); Aitor Martinez Vinagret (Gasteiz); Marta Alzate (Donostia); Joxe Aldasoro (Etxarri-Aranatz); Leire Zinkunegi (Orio). Amaia Ruiz de Galarreta, iazko irabazlea eta Joxe Aldasoro aurten ere lehiaketara aurkeztu dira, beste hirurek lehen aldia zuten lehiaketan.
Hauek izan dira lehiaketara aurkeztutako ipuinak: Zintzotasunaren lorea, Aztiaren semea, Lady Ragnell, Belarria eta Karakola. Bakoitzak bere ipuina modu propioan defendatu du eta kontatzeko estilo ezberdinak ikusteko aukera ederra izan da.
Epaile lanetan Eneko Haritza, Amaia Arriaran, Imanol Arabaolaza, Arrate Leunda, Joxemari Carrere eta May Gorostiaga aritu dira. Publikoak ere izan du bere iritzia emateko aukera, ikusle guztiek boto bana zuten gehien gustatutako ipuinari emateko.
Publikoaren botoak eta epaileen puntuaketak kontatu bitartean Felipe Ugarte ren musikaz gozatzeko aukera berri bat izan da. Finalerako pasea Amaia Ruiz de Galarreta tolosarrak, Aitor Martinez Vinagret gazteiztarrak eta Marta Alzate donostiarrak lortu dute.
Hiru partaide hauek izango dira. Martxoaren 29an Ordiziako Barrena Jauregian egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusian, aurtengo kalabaza jasotzeko lehian harituko direnak.

Giro politean eman zaio hasiera aurtengo Ahoz Aho jaialdiari. Martxoaren 9 tik 30era aukera ugari daude ipuinez gozatu ahal izateko. Jaialdia, hasi besterik ez da egin.
Imanol Arabaolazaren kronikatxoa.