2019(e)ko martxoaren 29(a), ostirala

IPUINAK OINUTSIK

Nicolas Buenaventurak zapatak erantzi ditu tabernaren txoko batean. Ondoren galtzerdiak. Oinutsik geratu da. Nicolasek ipuinak oinutsik kontatzeko ohitura dauka, lurrari lotzen diolako, hitza lurrarekin lotzen. Tabernan zorua baldosez egina da; baldosak baina, lurraz egiten dira, lur egosiaz, denboran iraun dezaten. Ipuinak ere  hitz egosiaz egiten dira, iraun nahi duten hitzez. Eta lur egosiez egindako baldosen gainean pausatzen dira kontalariaren oin hutsak, bere ahoan egositako hitzek lur sukaldatu horrekin bat egin dezaten. 


Ataungo Troskaeta tabernan Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren azkenetako kontaketa saioa hastear da. Nicolas Buenaventura kontalari kolonbiarrarekin batera Amaia Arriaran Bergarako kontalaria ariko da. Taberna txikia da eta txoko batean prestatu dute kontatzeko espazioa. Afaldu berri diren berzero batzuekin emanaldira propio etorritako ikusleak daude. Azken kafeak, kopatxoak, zerbezak. Jendea eskenatoki inprobisatu aldera jartzen da, batzuk barran, besteak aulki txikietan. Tabernetan ipunak kontatzeak badu zerbait berezia, jendea gertu gertu dago, arreta gal arazi dezaketen zaratek, zurrumurruak, ustekabean sartzen dena... Baina tabernak ere hitzaren lekuak dira, hitz bizienak, zenbat istorio ez ote diren kontatu eta kontatuko tabernetan. 
Ikuskaria hastera doa, May antolatzaileak,  isiltasuna eskatzen du kontalariak aurkeztu ondoren.  Amaia Arriaranek Donejakue bideko istorio batekin hasi da, kontu zaharra. Eta zarataren, berritsuen, olgetaren lekua den taberna isilik entzuten du. Ikusleek arretaz jarraitzen dituzte istorioak, istorio laburrak, baina gogoetarako bidea zabaltzen dutenak. Bada denbora puxka bat Amaiak ipuinak kontatzen hasi zela eta sumatzen zaio erritmoen eta mugimenduen naturalitatea agertzean. Natural izatea ordea, ez da hain erreza, eszenan batez ere. Bere partea amaituta Nicolasen txanda dator.
Oinutsik. Amaia ez bezala, aulkitxo batean eserita,  ipuinean zuzenean sartzen gaitu. Afaltzen ari den  gazte kuadrila txintin ez du ateratzen, tarteka sagardoaren txorrotada baino ez da entzuten. Munduko tradizio ezberdinetatik ekarritako ipuinak bata bestearen ondotik harilkatuz mintzatzen da. Batzuetan musika tresna txikiren batekin lagunduta, ikusleen garunak pentsatzen jartzen ditu, igarkizun bat dela, bizitzaren gaineko istorio krudel bat edo jolas egiteko istorioa. Motel mintzo da Nicolas, hitz bakoitza ondo sukaldatuz, istorioak tabernan zabalduz. Ataun herri mitologikoan, pentsamendu magikoa sagardo txorrotaden artean nahasten da.
Emanaldia amaitu eta batzuek tabernan jaraituko dute, besteek etxerako bidea hartu; baina guztiek izango dute zer pentsatu, zer komentatu entzundako ipuinen gainean. 
Oinutsik kontatutako istorioak. Lurrari lotuak. Pertsonei lotuak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina