
Ataungo Troskaeta tabernan Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren azkenetako kontaketa saioa hastear da. Nicolas Buenaventura kontalari kolonbiarrarekin batera Amaia Arriaran Bergarako kontalaria ariko da. Taberna txikia da eta txoko batean prestatu dute kontatzeko espazioa. Afaldu berri diren berzero batzuekin emanaldira propio etorritako ikusleak daude. Azken kafeak, kopatxoak, zerbezak. Jendea eskenatoki inprobisatu aldera jartzen da, batzuk barran, besteak aulki txikietan. Tabernetan ipunak kontatzeak badu zerbait berezia, jendea gertu gertu dago, arreta gal arazi dezaketen zaratek, zurrumurruak, ustekabean sartzen dena... Baina tabernak ere hitzaren lekuak dira, hitz bizienak, zenbat istorio ez ote diren kontatu eta kontatuko tabernetan.
Ikuskaria hastera doa, May antolatzaileak, isiltasuna eskatzen du kontalariak aurkeztu ondoren. Amaia Arriaranek Donejakue bideko istorio batekin hasi da, kontu zaharra. Eta zarataren, berritsuen, olgetaren lekua den taberna isilik entzuten du. Ikusleek arretaz jarraitzen dituzte istorioak, istorio laburrak, baina gogoetarako bidea zabaltzen dutenak. Bada denbora puxka bat Amaiak ipuinak kontatzen hasi zela eta sumatzen zaio erritmoen eta mugimenduen naturalitatea agertzean. Natural izatea ordea, ez da hain erreza, eszenan batez ere. Bere partea amaituta Nicolasen txanda dator.

Emanaldia amaitu eta batzuek tabernan jaraituko dute, besteek etxerako bidea hartu; baina guztiek izango dute zer pentsatu, zer komentatu entzundako ipuinen gainean.
Oinutsik kontatutako istorioak. Lurrari lotuak. Pertsonei lotuak.