Ipuin gosaria amaitu da Casa Masip-en, Ezcaray-en. Gizon bat parte hartu duten hiru kontalariengana hurbiltzen da, Edu Sáenz de Cabezón, Luis Carmelo eta Michelle Nguyen. Hirurak zoriondu ditu eta kontalari belgiarrari azaltzen dio: "hunkigarria zure ipuina, une batean malko bat nola erortzen zitzaidan sentitu dut". Seguraski inoiz ahaztuko ez duen gosariak bere imajinarioaren baitan leku berezia izango du. Amaitu berri den La Antigua Ferreria Nazioarteko Ipuin Jaialdiak irudi eta oroimen ederrak utziko zituen asteburuan zehar. Udal musika bandarekin egindako hasiera, La Real Fabrica albergeko lehioetatik eskainitako ipuinak, Azárrullako La Antigua Ferreríako ipuin afariak, ipuin poteoak Ezcaray-en, ipuin gaubeila La Cantina tabernan, Casa Zaldiernako ipuin bazkaria, jaialdia amaitzeko herri bazkaria eta ipuin erromeria... Ipuinak non nahi Errioxako Ezcaray, Azárrulla eta Zaldierna herrietan. Michelle Nguyen, Luis Carmelo, Pep Bruno, Edu Sáenz de Cabezón, Carles Garcia, La Compañía del Patio eta Joxemari Carrere kontalariek hitza jarri zioten jaialdiari, Triojanos eta Celtesía taldeen herri musikak festa giroa ekartzen zuelarik. Goizetik arratseraino ipuinak han hemenka, fantastikaren bideak zabalduz, imajinarioak puztuz, kontakizunaren erresuma zabala azalduz.
Los Cuentos de La Luna elkartearen eskutik hasi berria den jaialdia, errekorrido luzetik dator, hain zuzen Café de La Luna-n azken hogei urtetan burututako esperientziatik. Urrats logikoa eta ezinbestekoa zen osteguneroko programazio horretatik harat joatea, eta jaialdiaren antolatzea Errioxako kontagintzaren hedatzea dakar. Baina ez hori bakarrik, kontaketa jaialdi bat antolatzea ipuin kontaketari, orokorrean, haize ufada berria ekartzen dio. Zaletuak aukera izango du egun batzuetan proposamen artistiko berriak ezagutzeko eta harremanetarako. Kontaketaz ezagutza ez duenak berriz, mundu eszeniko berri bat deskubritzeko bidea izango du. Eta, jaialdi honekin gertatu bezala, herri baten kultur bizitzari aportazio bikaina emango dio.
La Antigua Ferrería Nazioarteko Ipuin Jaialdia amaitu da, baina hurrengorako gutxiago falta da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina