2016(e)ko uztailaren 29(a), ostirala

MURTZIAKO TROBOA

      Troboa Murtzian (Espainia) ematen den inprobisazio kantatuaren adierazpen aspaldikoa dugu. Donostian egindako Europa Bat Batean jardunaldietan José Sánchez Conesa ikerlariak horren berri eman zuen. Familian jaso zuen troboaren berri eta gaztetatik izan du horren gaineko kezka. Aspaldiko garaietatik datorren kantu inprobisatuaren adierazpide hau egungo garaietara egokitzeko ahaleginetan dabil.


  Zerk bultzatu zintuen troboaz interesatzera?
         Gogoan dut nola nire aiton-amonek Marin troberoaren quintillak kantatzen zizkidaten, Cartagenako udalerrian barruan dagoen  La Palman, nire herrian, jaiotakoa zela 1865. urtean. Garai hartan, nik hamalau urte inguru nituela, Troboaren historia argitaratu zuten,  XIX mendeko amaiera eta XX mendearen lehen laurdenaren aldekoak materiale asko biltzen zuena. Garai hartan meagintzaren gorakada handia izan zen Murtzian eta langintza honekin lotuak zeuden orduko trobero handiak: Marin, Castillo, El Minero…,Campo de Cartagenan troboaren mitoak bilakatu zirenak. Marinen bertso haiek irakurtzea, ahozko tradiziotik jasotakoak, baina baita ere saioetara joaten ziren kopistengatik, sekulako argitasun jolasa iruditu zitzaidan, zuten mezu sozialarekin batera. Gazte garaia hartan nigan kezka polikoak sortzen hasiak ziren eta ikustea nola bertso haietan klase borroka agertzen zuten erakargarria zitzaidan. Behin,1919. urteko saio zoragarri bateko kontrobertsia batean Marinek burgesak defendatu behar izan zituen eta El Minerok, anarkista zena, langileak defendatu behar zituen; kontatzen dute gau osoa iraun zuela saioak. Horrek asko erakartzen ninduen.

         Nola hasten zara troboaren munduan sartzen, ikertzen?      
         Nik ez dut nire burua ikertzaile handitzat hartzen. Honen gainean artikuluak idazten ditut Murtziako La Verdad egunkarian. Joaquin Diaz fundazioaren aldizkarian ere artikulu bat idatzi nuen; bertan troboaren nondik norakoak eta bilakaera azalten nituen. Troboa gaur egun bizi duen egoera transmisioaren baitan dago, batez ere eskola eta institutuetan. Trobero gehienak ez dute formakuntza akademikorik, baina orain hasi dira unibertsitatean ikasitako trobero gazteak, horietako batek troboaren gainean doktore tesia egin duelarik. Gazteengana nola heldu ari gara aztertzen, adibidez bide bat ari gara zabaltzen eskoletara troboa eramanez, Murtziako gobernuarekin egindako hitzarmenari esker. Ondo dago baina eskas gelditzen da, goiz batean troboaren nondik norakoak azalduz ez baita nahikoa. Gazteren baten arreta izango duzu, baina gazte horrek jarraipena beharko du, non formatu.
         Bestalde arrakastatsu gertatzen ari da orain dela hamabi hamahiru urte abuztu partean antolatzen den Trovalia jaialdia. Bertara herrialde ezberdinetako inprobisadoreak etortzen dira, eta honek ekarri du bertako troberoak beste antzeko topaketetara joaten hastea. Bide honetatik mentalitatea zabaltzen joan da etorkizuna sarean lan egitea ikusiz, beste inprobisatzaileekin elkarlana bultzatuz. Jaialdiak troboaren prestigiatzea ekarri du, elkar ezagutze honen bitartez.

            Nolabaiteko antolamendua al dago troboaren inguruan?
          Elkarteak egon badaude, baina troberoenak bakarrik. Antolatze eredua ere aldatzea interesgarria ikusten dut. Topaketa hauetan argi ikusi dut, bertsolarien eredua ikusiz, troboa zaletuei, ikertzaileei eta bestelako interesatuei ere zabaldu behar zaiela. Honekin batera publikoarekiko harremana indartu behar da. Musika berriak ere sartu behar ditugu. Nik uste dut oso purista nintzela, betiko doinuak, malagueña, guajira eta ohikoak mantendu behar zirela, baina ikusi dut ez dugula beldurrik izan behar doinu berriak sartzeko; uste osoan nago honek ondasun hau bizirik mantentzen lagunduko digula.

         Nola ikusi duzu topaketa hauen esperientzia?

         Euskaldunen edo katalanen esperientziak ezagutzea arras interesagarria izan da. Nik ideia batekin nentorren eta hankaz gora jarri zait ideia hori. Nire artikuluetako batzuk polemikoak izan dira, askok ikusten dutelako troboa ia-ia Marinekin hasitako zerbait bezala, eta nik uste dut atzean badagoela aberastasun folklorikoa, meategien langitza zela eta Almeriatik ekarritako kultur eraginekin, esaterako. Eragin horiek guztiak hartu behar ditugu kontuan. Topaketa hauetan parte hartzeak troboaren zabaltzea eta aberastea ere badakar.









iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina