BENITA PRIETO: "Kontalariak komunikatzaile handienak dira".

Bai, orain dela urte pila Iñaki Carretero kontalariak deitua egon nintzen Gasteizen eta izena gogoratzen ez ditudan beste leku batzuetara, herri euskaldunen izena gogoratzea ez baita erraza (barreak). Bitan egon naiz oraingoaren aurretik, beti ere, Iñakiren eskutik.
Brasildarra izanik eta herrialde ezberdinetan ibilita, publikoen arteko desberdintasunak ikusten dituzu?
Ahalegin handiagoa eskatzen du zure hizkuntza mintzatzen ez den leku batean kontatzen aritzea, zurea ez den beste herrialdean, gauza asko aldatzen dira. Baina gustura egonda, gaurko saioko publikoarekin egon naizen modura, orduan dena errazago pasatzen da. Egun hauetan egindako saioetan publiko ederra aurkitu dut; Donostiako jubilatuekin primeran pasa nuen.
Orain dela urteak Brasiletik irteten hasi nintzenean ipuinak kontatzerakoan zailtasunak nituen ulertzeko jendeak zergatik ez zuen barre egiten halakoak ziren ipuinekin, portugesa mintzatzen den herrialdeetan kontatuak nituelako, eta ez nuen ulertzen zergatik ez zuten berdin funtzionatzen beste hizkuntza zuten lekuetan. Pixkanaka ulertu nuen, benetan behar nuela zen neronek ulertzea herrialde horietako kulturak, horrela jakingo bainuen non txertatu gauza bakoitza eta nola. Denborak erabat bestelakoak dira; komedia denbora hemen gauza bat da, Kolonbian aldiz beste bat, Afrikan beste bat, eta horrela leku guztietan. Asmatzearen eta okertzearen esperientzia horretan, ikusten duzu kontaketa nola antolatu jendeak hel dakion esaten duzunari; jendea adi dagoenean, bere begien arreta ikusten duzunean, ernai, orduan komunikazioa sortu dela sumatzen duzu. Horixe da garrantzitsuena, komunikazio hori; kontalaria, batez ere, komunikatzailea baita. Nire ustetan, ipuin kontalariak komunikatzaile handienak dira. Nahi izango bagenu, mundua gurea litzateke, hargatik ez digute kasu handirik egiten (barreak).
Zaila da. Idatzi nuen lehenengo liburua "Almas penadas" (Arima penatuak) izan zen. Idatzi aurretik urteak neramatzan kontatzen, orduan bilduma baterako idaztea proposatu zidaten; ene, hori lan zaila! Nire buruan nuen, eta kontalariok narrazioa beste zenbait burutazioekin nahastu ohi dugu, intertestua askotan hitzetan baino,
gure gorputzean dago; beraz, hori nola jarri behar nuen idatziz? uff, buruhaustea izan zen. Zerbait interesgarria gertatzen da ere, ipuina idatzita dago, baina nik ez dut liburuan dagoen bezala kontatzen, nire buruan beste egitura batekin baitzegoen aspaldian.
Iruditzen zait askok akatsa bat egiten duela ahozkotasuna idatzira pasatzerakoan, ahozkotasuna beste osagarri batzuk dituelako. Zentzurik ez dutela gelditzen dira askotan, ulertzeko zailtasunekin, beharbada kontalaria entzunez gero ulertuko zirenak.
Zure kontakizunetan narrazio tradizionalen eragina sumatzen da; nola ikusten duzu tradizioaren ahozko narratibaren garrantzia kontalaritza garaikidean?
Nik uste dut gu ere bagarela ahozkotasun horren nolabaiteko ordezkariak. Ni pertsona urbanoa naiz, unibertsitatera joan nintzen eta hori guztia, baina ni kontzientea naiz ondasun guzti hori dagoela, nik behar dut jendeak jakin dezan horren jakitun naizela, garrantzitsua dela hori. Egile ezberdinen literatura kontatzen dudan bezala, liluragarria dena ere, tradiziotik heldu zaizkigun kontakizun horiek badute garrantzia handia. Nik ipuin bat kontatu eta norbait esaten badit ezagutzen duela beste bertsio bat, eta beste leku batean beste bat ezagutzen dutela, bada, hori benetan ederra da; informazioak konplementatu egiten dira horrela, eta, orduan, mundua globalizatzeko egiten diren ahaleginak ezinezkoak dira, ahozkotasuna beti desberdina izango delako herri bakoitzarentzat. Honetan sinesten dut nik, nahiz eta teknologiak eta horrelakoengatik kutsatuta egon, beti desberdintasunak egongo dira. Ni brasildarra naiz, baina kultura europar batetik nator, nire gurasoak espainiarrak baitziren, Galiziakoak; beharbada horregatik idazten ditut beldurrezko hainbeste ipuin, txikitan Galiziako halako ipuin asko entzun bainituen. Horrekin batera, Brasileko kultur ondasuna daramat nigan, eta hori ekartzea gogokoa dut. Aldiz, ezagutzen ez ditudan kulturetako ipuinak ezin ditut kontatu, Afrikakoak esaterako, faltsua irudituko zitzaidan, badirelako osagarri asko ezagutzen eta ulertzen ez ditudanak.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina