2018(e)ko martxoaren 12(a), astelehena

BRASIL TOLOSAN

AHOZ AHO jaialdiak indartsu hartu du azken txanpa aste honetan, Ordizian eta Tolosan ekitaldiren batekin egunero.  Asteburua ere ez genuen makala izan. Ostegunean, Donostiara jauzi egin zuen jaialdiak, Ernest Lluch kultur etxera Benita Prieto kontalari brasildarrarekin. Hainbat urte badira bertan zaletuak elkartzen direla elkarri, eta gerturatzen denari, ipuinak kontatzeko. Horiekin aritu zen brasildarra eta saio ederra burutu zuen, konplizitate handia lortuz.
Hurrengo egunean Tolosara itzuli 
zen Minimalia espazioan haurrentzat saioa programatuz. Espazio ederra da Minimalia, interesgarria, liburu denda eta jokoak aurkituko dituzu bertan, guztiak bereziak, literatura eta jolasa uztartuz. Jaialdiaren ohiko gunea bihurtu da denda, leku aproposa haurrei istorioak kontatzeko. Benita Prietorekin batera aritu zen kontari Erika Liquete euskalduna, Sorgina Txirulina izen artistikoa erabiltzen duena. Bere saioa emakumeen eguna igaro berria izanik, gai horren bueltan egin zuen. Erikak ipuinak kontatu ohi ditu, zeharkako txirularekin lagunduta.
Saioa interesgarria izan arren, didaktikoegia gertatu zen, askotan kontalaria baino, irakasle bat zirudiela ipuinak kontatzen. Ipuinek, kontakizunek badute beti bere baitan irakaspenik, baina
entzuleak, haurra edo heldua izan, izan behar du horren gainean gogoeta egin beharko duena, kontalaria pedagogoaren paperean sartu gabe. Erikaren aurretik, Benita Prieto aritu zen, bestelako estiloarekin. Bere sustrai galiziarrak aireatuz, beldurrezko istorioak ekarri zizkien haurrei. Aspaldian dabil ipuinak kontatzen eta sumatzen zaio eskarmentua. Orokorrean, saio polita ikus ahal izan genuen, ahots eta estilo erabat ezberdinekin irudimena astinduz.
Gauean Tolosako Berazubi auzora aldatu zen jaialdia, Benita Prietok helduei zuzendutako saioarekin. Bertako auzo elkartearen egoitza bete egin zen adin guztietako auzotarrekin, eta brasildarrak lehenengo minututik bereganatu zituen. Lagunarteko giroa jartzen badaki Benitak eta hasieratik ipuinak entzuteko hain garrantzitsua den gertutasuna lortu zuen. Brasileko ipuinak, berak asmatutakoak, beste idazleenak, baina guztiak
ahozkotasunez jantzirik, idatzizko literatura ahora ekartzen badaki brasildarrak, jendearen irudimena piztuz. Saio polita beraz, segur aski berazubitarrak ahantziko ez dutena eta ipuinak entzuten jarraitzeko gogoz geldituko ziren.
Intujai taldeak antolatzen duen jaialdia azken astean sartzen da, hamaika saio gelditzen dira oraindik, handik eta hemendik etorritako kontalariekin. Bi Gala Nagusi gelditzen dira oraindik, haurrentzat asteazkenean  eta helduentzat ostiralean, biak Ordiziako Barrena jauregian, azken honetan aurtengo lehiaketaren irabazlea nor izango den jakingo dugularik. Eta jaialdiari amaiera handia emateko, larunbatean Tolosan Euskal Narratzaileen Topaketa izango da. Horren ostean egingo den bazkarian aurtengo Urrezko kalabaza eskainiko da. Nori egokitu zaion jakiteko larunbata arte itxoin behar. Baina oraindik ipuin asko gelditzen dira entzuteko. Kalabazatik irteteko zain.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina