Ordiziako D'Elikatuz gune ederrean AHOZ AHO Jaialdiaren barruan egiten den VI Ahozko Narrazioaren Lehiaketaren lehenengo saioa, XVIII. mendeko musikarekin hasten da. Iban Moreno musikari donostiarrak laud barrokoarekin liluratu du publikoa, istorioen lurralde fantastikoetan barneratzeko prest. Azken Iñaki Carretero kontalariak, eta lehenengo lehiaketaren irabazleak, aurkezle lanak egingo ditu. Sei lehiakide aurkeztu dira aurtengo ediziora, batek ordea, ezin izan du etorri azken unean; beraz, bost izango dira euren ipuinarekin publikoa eta epaileak bereganatu nahiko dituztenak. Euskal Herriko hiru lurraldetik gerturatu dira Ordiziara bakoitzak bere ipuinarekin: Joxe Aldasoro (Etxarri-Aranaz); Amaia Pagola (Tolosa); Amaia Ruiz de Galarreta (Tolosa); Román Marzana (Elorrio); Vanessa Gonzalez (Arrasate). Amaia Pagolak, ihazko irabazleak, aurten ere lehiakide aurkeztu da, gainontzekoak, berriz, lehenengo aldiz aurkeztu dira. Aurkezleak ipuin batekin lotuko ditu lehiakideen arteko ipuinak, saioa ipuinen ipuina bihurtuz, guztiak eszenatokian dagoen, eta jaialdiaren ikurra den, kalabaza argitsutik irteten.
urtetan bezala
Hurrenez hurren ipuin hauek aurkeztu zituzten: Galtxagorri ausarta, Loredun gizona, Aisha eta haizea, Zaharra eta heriotza eta Bihotzak dio. Tradizotik ekarritakoetatik, kutsu literarioagora zutenetara, estilo ezberdinetako ipuinak aurkeztu zituzten, kontatzeko eran ere bost proposamen ezberdin; zutik, eserita, imintzio gehiagorekin, euskararen kolore desberdinak..., eszena gaineko ahozkotasunak ematen dituen aukera ezberdinekin gozatu ahal izan zuen publikoak, epaikideei lana zailduz ere. Aukeraketa Eneko Haritza, Maider Alzelai, Arrate Leunda, Imanol Arabaolaza, Joxemari Carrere eta May Gorostiaga. Finalera pasako zirenak publikoa eta epaileen iritziz Vanessa Gonzalez arrasatearra, Amaia Pagola eta Amaia Ruiz de Galarreta tolosarrak izan ziren. Hirurak martxoaren 16an Ordiziako Barrena Jauregian egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusian lehiatuko dira aurtengo kalabaza jasotzeko. Bitartean geldituko gara D'Elikatuz gunean izandako saio politarekin, aretoa bete zuen publikoaren harrerarekin eta urtetik urtera lehiaketak sortarazten duen goranzko interesarekin, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik aurkeztutako kontalariak erakarriz.
Saioari amaiera zoragarria emateko Iban Morenok bere emanaldiaren bigarren partea eskaini zigun, XVIII. mendeko musikarekin. Bigarren parte honetarako, laud barrokoaren ordez, beste musika tresna harrigarria (musika estilo honekin ezjakinentzat garenontzat behintzat) erabili zuen: Tiorba. Eskaini zituen piezak kaleratu duen Melancholia 1719 diskoan eman ditu argitara. Jaialdirako saio berezia prestatu nahi izan zuen eta musikarekin batera Aitor Tejedor izan zuen lagun Gongoraren bi poema errezitatuz. Musikari saiatu honen lana ezagutu nahi duenak hemen badu adibide bat Robert de Visée: Chaconne A mineur. Amaiera ezin ederragoa VI. Ipuin narrazio Lehiaketaren klasifikazio saio honetarako. Martxoaren 16 arte itxoin beharko dugu aurtengo irabazlea jakiteko, dena dela, benetako irabazlea kontalaritza dugu, ezbairik gabe.
Saioa amaitu ondoren aurkezle lana egindako Iñaki Carretero kontalariarekin egon ginen, lehiaketaren eta kontalaritzaren gainean hizketan.
IÑAKI CARRETERO: "USTE DUT KONTALARITZAREN DUINTASUNA BERRESKURATU BEHAR DUGULA"
Lau urte daramazu lehiaketa aurkezte, baina lehenengo ediziotik ezagutzen duzu, nola ikusi duuz lehiaketaren eboluzioa?
Iruditzen zait hasierako urtetan antzeztuagoak, nolabait esatearren; aurten aldiz ahozkotasunak presentzia handiagoa dauka, igual ipuin bat edo beste buruz ikasia izango zen, baina modu naturalagoan kontatu dira. Eta ilusioa egiten dit ere ikustea nola urtero izaera herritarra duen norbait kontatzera datorrela, alegia, eszenarekin zerikusirik ez duena. Niretzako hori oso garrantzitsua da.
Non ikusten duzu lehiaketaren garrantzia?
Hasiera batean beldurra ematen didate halako lehiaketek, gehiegi "profesionalizatzeko" arriskua baitago. Jendea ekarriko du ipuina prestatuegia eta askotan pentsatzen dut freskura galduko dela; baina beste aldetik, ikusi dugu urte hauetan publikoa handitu dela, eta lehiaketa honek izan duen eboluzioarekin gustura nago, bestelakoa izan balu, literarioegia edo halako zerbait, ez nuke hain gustukoa izango. Horregatik beldur puntu bat ematen didate lehiaketek. Nik gustukoa dut ahozkotasuna, ez nabaritzea aski prestatua dagoela ipuina, bapatekotasuna ez galtzea.
Zure ustez lehiaketa honek euskal kontalaritza ikusarazteko eta dinamizatzeko balio duela?
Interesgarria iruditzen zait. Gerturatzen den publikoa, esaterako, heldua da gehienbat, haur batzuk ere ekartzen dituztelarik. Gure bidea zabaltzeko modu bat da; izan ere, uste baitut gure lanbide hau bertan behera doala, badirudi dena zenbakiak direla, jendea erakarri behar dela, besterik gabe; eta horrek pena ematen dit. Garai batean jende heldu gehiago gerturatzen zen, eta adin guztietakoak; orain badirudi haurrentzat dela bakarrik eta gainera horri ere balio handirik ez zaio ematen. Iruditzen zait gaur egun kontalaritza garai batean baino okerrago dagoela, lehen ahozkotasunari lotuagoa zegoela uste dut. Lehiaketa honetan ikusi dut nere ideia horri gerturatzen zaiola, eta pena da ipuin bakarra entzuteko aukera besterik ez izatea, neri gustatuko litzaidake kontalarien saio luzeagoa ikustea, baina bost minutu besterik ez dituzte. Hala ere interesgarria iruditzen zait. Giro bat sortu da honen inguruan eta hori ondo dago.
Orokorrean uste dut kontalaritzan duintasuna berreskuratu behar dugula, kontalari sena eta izaera berreskuratu; ni ez naiz antzezlea, kontalaria naiz. Horregatik ikusten dut interesgarria
lehiaketa, urte hauetan ikusi baitut lehiakideen artean kontalari izaera horri heltzen. Kontaketa ikasleen ofizioa da, alegia, beti ikasten zaudela, entzun eta entzun behin eta berriz, zurea egin arte.
Niretzat oso polita izan da gaurko lehiaketaren saioa, eta aurkezle izatea zoragarria izan da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina