2020(e)ko apirilaren 19(a), igandea

IPUINA ISILDU, IPUINA ENTZUN DADIN




                Ipuinak kontatzerakoan isiluneak, musikan bezala, narrazioaren parte dira. Isiltzeak erritmoari bizia ematen dio, ondoren etorriko den hitza indartuko du. Gogoetarako beta ematen dio entzuleari, etorriko denaren jakin mina pizten, kontaketarako grina ekartzen. Izan ere, isiltzeak ez du esan nahi, derrigorrean ezer esaten ez denik; aitzitik, isiltzea pentsamenduaren oihartzuna izan daiteke.
            Badaude, ordea, isilkeria doilorrak, ukaziozkoak, baztertzaileak. Sortzaile eta artisten hitzaren aurrean entzungor gelditzen dena, bazter bidera bidaltzen duena,  itzalpera kondenatzen. Honetaz asko dakigu kontalariok, izan ere kultur ekosistemaren parte izanik badakigu zer garrantzi ematen zaion kulturari, gehienetan bere horretan garrantzia eman gabe, bere balio soziala aintzat hartu gabe, bateko edo besteko krisiak jendartea jotzen duenean, kultura delarik lehenengoa bazterrean uzten dena. Orain bizitzen ari garen krisi sozio-sanitario larri hau, jendartea gogor kolpatzen ari da, sektore guztietan, eta, nola ez, kulturgintzan ere. Argi dugu hartu behar diren erabaki garrantzitsuenak herritarren osasunaren zaintzarako direla, osasunak lehenengoa izan behar du erabaki guztietan. Dena dela, honek ez ditu ezkutatu behar sortu diren bestelako arazoak.  Eta horietako bat, eta ez txikia, kulturgintzaren arloari dagokio. Antzokiak, liburutegiak eta kultur guneak ixteak,  kultur programazio guztiak bertan behera uzteak, etorkizunean zer gertatuko denaren ez jakiteak; honek guztiak ekarri du kontalari askoren lana bertan behera gelditzea, honek dakarren larrialdi ekonomikoa eta pertsonalarekin; baina baita ere, ipuin kontaketak zaletuengana heltzeko ezina. Eta edozein kultur jarduna kaltetzea, jendartea beraren kalterako da.
            Zorionez, egun baliabide teknikoek eta internet sareak ematen dituen aukerekin ipuinak bizirik diraute, ezinbesteko aurrez aurreko formatuan ez bada ere. Kontalari asko ari da bere lana eskaintzen herritarren konfinamendua arintzeko nahiarekin. Ipuinak bizirik diraute, hitza ez da isildu. Kontakizun liluragarriak, pertsonaia fantastikoak, herrialde miragarriak oraindik jendearen irudimena pizteko ahaleginetan ari dira.
            Baina horrek ez du ahantzarazi behar sortzaileek eta artistek bizi duten egoera. Ezin du ahantzarazi kulturak bizi duen egoera, lehen prekarioa bazen, oraingoan larriago bihurtu dena. Horregatik euskal kontalariok apirilaren 21 eta 22an egingo den greba digitalarekin bat egingo dugu. Gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzaten. Gure isiltasuna erabiliko dugu istorioa aurrera egin dezan, kontakizuna eten ez dadin. Gure isiltasuna oihartzuna izan dadin.
SINATZAILEAK

1.       Aitor Txarterina
2.       Aitor Vinagret
3.       Amaia Pagola
4.       Ana Apika
5.       Anduriña Zurutuza
6.       Ane Gebara
7.       Antton Irusta
8.       Alberto Bargos
9.       Bea Egizabal, Cesar Marko (Kontukantoi)
10.   Bea Larrañaga, May Gorostiaga (Intujai Teatroa)
11.   Bego Gomez, Joaquin Ponte, Pedro Ruiz (Alabazan)
12.   Dorleta Kortazar
13.   Doro Zobaran
14.   Eneko Haritza
15.   Ester Poveda
16.   Imanol Arabaolaza
17.   Iñaki Carretero
18.   Irantzu Mantxo
19.   Itziar Rekalde
20.   Itziar Saenz de Ojer
21.   Ixabel Agirresarobe
22.   Ixabel Millet
23.   Joxemari Carrere
24.   Koldo Ameztoy
25.   Leire Zinkunegi
26.   Maider Alcelay
27.   Maider Galarza
28.   Maite Franco
29.   Marta Alzate
30.   Mikel Martinez
31.   Nagore Leon
32.   Nerea Ariznabarreta
33.   Pello Añorga
34.   Puy Osés
35.   Saioa Aizpurua
36.   Virginia Imaz

2020(e)ko otsailaren 28(a), ostirala

Martxan da AHOZ AHO 2020



Donostiako KM kulturunean AHOZ AHO Ahozkotasunaren Nazioarteko jaialdiaren edizio berria aurkeztu da. Martxoaren 7ti 28ra Tolosa eta Ordizian antolatzen den Kontalaritza jaialdia bere 13. ediziora heldu da egitarau zabal eta anitzarekin. Prentsa aurrekoan Intujai Teatro talde antolatzailearen ordezkaria den May Gorostiagak, Maider Alzelai eta Joxemari Carrere kontalariek, Lander Mujika Ordiziako kultur zinegotzia eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultur zuzendaria hartu dute hitza. May Gorostiagak  azaldu du, hasierako ildoari jarraituz Euskal Herriko artistekin batera gure mugetatik kanpoko sortzaileekin osatu dela  programazioa. Aurten Tolosa eta Ordiziaz gain, jaialdia Amezketa, Albiztur eta Arrasatera helduko da ere bere mugak apurka zabalduz. Kontalaritzaz gain, magiak, bertsolaritzak eta zirkuak beren lekua izango dute ere. Proposamen artistiko desberdinek eta kontaketa estilo anitzek euskal kontagintzaren ezinbesteko erreferentzia bihurtu dute AHOZ AHO jaialdia.
            Ikuskariaz aparte, urtero bezala bi ikastaro eskainiko dira, bata haurrei zuzendua Maider Alzelai kontalariaren eskutik, Ordiziako Jakintza ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko ikasleekin burutuko dena. Alzelaik haurrekin kontalaritza eta orohar ahozkotasuna haurrekin lantzearen garrantzia azpimarratu du, berari, kontalaria den aldetik ilusio handia egiten diolarik. Ordiziako  Lander Mujika zinegotziak azpimarratu du halako jaialdiak herriko kultur bizitzari egiten dion ekarpena, urte guzti hauetan leku propioa hartu duelarik. Halaber, Gipuzkoako Aldundiarentzat  horrelako kultur proposamenaren garrantzia azpimarratu du Telleria kultur zuzendariak, lurraldeko eskaintza kulturalaren aniztasuna sendotuz. Joxemari Carrere kontalariak Euskal Narratzaileen Topaketa aurkeztu du. Topaketa duela lau urte hasi zen antolatzen, euskal kontalarien eguna izateko asmoz. Jaialdiaren azken egunan ospatzen da itxiera moduan. Hiru parte izan ohi ditu, lehenengoan mahai inguru bat izan ohi da gai zehatz baten bueltan. Aurten “Beste Pertzeptzioak” izenburupean dislexia duen iñaki Carretero kontalaria, Itsua den Pello Mindegia eta Asperger sindromea duen Mikel Sagarzazu aktore elkartu dituzte. Hirurek euren pertzeptzioak azalduko dituzte ipuinak entzuterakoan edo kontatzerakoan. Mahai inguruaren ostean Celine Ripoll kontalari frantsesak polinesiako tradiziotik abiatutako emanaldia eskainiko du. Eta eguna amaitzeko lagunarteko bazkaria egingo da. Bazkarian, azken urtetan bezala, Urrezko Kalabaza saria eskainiko da. Sari honekin ahozkotasunari egindako ekarpena goraipatu nahi izaten da. Aurten Ahotsak.eus egitasmoa saritu nahi izan da euren ahozko bilketaren garrantzia azpimarratu nahian. Beste bi sari ere eskaini ohi dira, baina horiek bazkarian bertan emango dira ezagutzera, eta urtero bezala bertako eta kanpoko kontalariei eskainiko zaie.
            Kontalariak, ikastaroak, magoak, bertsolariak, ez da ezer faltako Ordizian eta Tolosan martxoan barrena, kontalaritzaren eta ahozkotasunaren hiriburuak bihurtuz AHOZ AHO jaialdiaren eskutik.  

Jaialdiaren informazioa hemen: http://intujaiteatro.blogspot.com/2020/01/ahoz-aho-2020-egitaraua-programa.html
           

2020(e)ko urtarrilaren 29(a), asteazkena

AHOZ AHO 2020

Badator beste urte batez Gipuzkoan egiten den Ahozkotasunaren jaialdia. Tolosa eta Ordizia ardatz hartuta aurten tolosaldeko beste herrietara zabaldu da, kontakizunak eramanez. Intujai Taldearen eskutik, urtero bezala, bertako zein gure mugetatik kanpoko kontalariak izango ditugu euren ikuskariak aurkezten. Estilo desberdinak, hizkuntz aniztasuna, irudimena eta fantasia airean zabalduz, AHOZ AHO jaialdiak bere lekua dauka Euskal Herrian egiten diren kultur ekimenen artean. Kontalaritzak oraindik ez badu merezi duen lekua hartu euskal kulturaren programazioetan eta kulturgintzan, argi dago urratsak ematen ari dela, eta jaialdi hau zutabe bat da sendotze horretan. Urtero bezala galdu ezineko zita dugu Gipuzkoan.
Gehiago jakin nahi izanez gero hemen egitaraua.
Ahoz Aho 2020 egitaraua

2019(e)ko ekainaren 12(a), asteazkena

EUSKAL KONTALARIAK GUADALAJARAN

Ana Apikak eta Virginia Imazek euskal kontalariek euren ikuskariak  Espainiako Guadalajara hirian ekainaren 14tik 16ra antolatzen den 28. Ipuin Maratoian  aurkeztuko dituzte Monucuentos sailaren barnean. Jaialdiaren aurtengo gaia Sorginak denez euren kontaketa proposamenak horren gainean izango dira. Ana Apika bilbotarrak Brujas (Sorginak) izeneko ikuskaria aurkeztuko du publiko familiarrarentzat. Sorginak gure artean daude, beldurra eta barrea eragiten dute, zer egiten dute? nola bizi dira? Anaren hitzetan denetarik dago, botikan bezala. Horren bueltan ariko da saio sorgindu batean. 
Virginia Imazek helduei zuzendutako espektakulua aurkeztuko du. Sortilegio (Sorginkeria) ikuskariak sorginak eta sorginkeriak, aztikeriak eta lilurak izango ditu ardatz, bi sorginkeria elkarren ondoan jarriz, aztikeria eta hitza.
Bi kontalariak eskarmentu handikoak ditugu, Euskal Herritik at ere euren ikuskariak eskaini dituztelarik. Virginia Imaz euskal kontagintzaren aintzindaritako bat dugu, eta jasotako azken sari Emakunde Saria izan da; bere ikuskizunak hainbat herrialdetan aurkeztu izan du, beti ere harrera ederra jasoz. Ana Apikaren lana haurren munduan garatu du bere jardun gehiena, hala ere, helduentzat ere aurkeztu izan ditu ikuskariak bai euskal eszenatokietan zein gure mugetatik kanpo. Euskal ordezkaritza bikaina  beraz, Gaztela- La Manchako hirian. 
Ana Apika
Virginia Imaz
Guadalajarako ipuin jaialdia Europako garrantzitsuenetakoa da eta bertatik Europako zein munduko beste lekuetatik etorritako puntako kontalariek parte hartu izan dute. Guadalajarako Haur eta Gazte Literaturako Mintegiak antolatzen du. Hasieratik oso jaialdi herrikoia izan da, hiritar ugari parte hartuz bolondres gisa, baina baita ere kontalari moduan; izan ere, benetako maratoia baita hasieratik, ostiraletik igandera eta 46 orduz etengabe Infantadoko Jauregiko taula gainetik ehunka lagun pasatzen baita ipuin bana kontatuz. Horrez gain urtetik urtera Jaialdia aberasten joan diren ekimen berriak joan dira gehitzen, hala nola, Ahozko Narrazioaren Jaialdia, Monucuentos, Irrati maratoia, Hitzaldiak, Inauditos saila, ..., aurtengo berrikuntza Pintxo Maratoia izango dute. Honek guztiak, Ipuin Maratoia urteroko ezinbesteko zita bihurtu du kontalari zein zaletuentzat. Hiru egunetan Guadalajara hitzaren bihurtzen da ipuinak nonnahi eta modu ezberdinetan entzuteko eta kontatzeko aukera dagoelarik. 
Aukera ederra beraz euskal kontalarien lana gure mugetatik kanpo erakusteko kontalaritzaren gertaera handienetako batean. Euskal sorginen esaerak dioen moduan: Izan zirelako gara, garelako izango dira. Hala bedi.

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero: http://www.maratondeloscuentos.org/monucuentos-2019/






2019(e)ko martxoaren 29(a), ostirala

IPUINAK OINUTSIK

Nicolas Buenaventurak zapatak erantzi ditu tabernaren txoko batean. Ondoren galtzerdiak. Oinutsik geratu da. Nicolasek ipuinak oinutsik kontatzeko ohitura dauka, lurrari lotzen diolako, hitza lurrarekin lotzen. Tabernan zorua baldosez egina da; baldosak baina, lurraz egiten dira, lur egosiaz, denboran iraun dezaten. Ipuinak ere  hitz egosiaz egiten dira, iraun nahi duten hitzez. Eta lur egosiez egindako baldosen gainean pausatzen dira kontalariaren oin hutsak, bere ahoan egositako hitzek lur sukaldatu horrekin bat egin dezaten. 


Ataungo Troskaeta tabernan Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren azkenetako kontaketa saioa hastear da. Nicolas Buenaventura kontalari kolonbiarrarekin batera Amaia Arriaran Bergarako kontalaria ariko da. Taberna txikia da eta txoko batean prestatu dute kontatzeko espazioa. Afaldu berri diren berzero batzuekin emanaldira propio etorritako ikusleak daude. Azken kafeak, kopatxoak, zerbezak. Jendea eskenatoki inprobisatu aldera jartzen da, batzuk barran, besteak aulki txikietan. Tabernetan ipunak kontatzeak badu zerbait berezia, jendea gertu gertu dago, arreta gal arazi dezaketen zaratek, zurrumurruak, ustekabean sartzen dena... Baina tabernak ere hitzaren lekuak dira, hitz bizienak, zenbat istorio ez ote diren kontatu eta kontatuko tabernetan. 
Ikuskaria hastera doa, May antolatzaileak,  isiltasuna eskatzen du kontalariak aurkeztu ondoren.  Amaia Arriaranek Donejakue bideko istorio batekin hasi da, kontu zaharra. Eta zarataren, berritsuen, olgetaren lekua den taberna isilik entzuten du. Ikusleek arretaz jarraitzen dituzte istorioak, istorio laburrak, baina gogoetarako bidea zabaltzen dutenak. Bada denbora puxka bat Amaiak ipuinak kontatzen hasi zela eta sumatzen zaio erritmoen eta mugimenduen naturalitatea agertzean. Natural izatea ordea, ez da hain erreza, eszenan batez ere. Bere partea amaituta Nicolasen txanda dator.
Oinutsik. Amaia ez bezala, aulkitxo batean eserita,  ipuinean zuzenean sartzen gaitu. Afaltzen ari den  gazte kuadrila txintin ez du ateratzen, tarteka sagardoaren txorrotada baino ez da entzuten. Munduko tradizio ezberdinetatik ekarritako ipuinak bata bestearen ondotik harilkatuz mintzatzen da. Batzuetan musika tresna txikiren batekin lagunduta, ikusleen garunak pentsatzen jartzen ditu, igarkizun bat dela, bizitzaren gaineko istorio krudel bat edo jolas egiteko istorioa. Motel mintzo da Nicolas, hitz bakoitza ondo sukaldatuz, istorioak tabernan zabalduz. Ataun herri mitologikoan, pentsamendu magikoa sagardo txorrotaden artean nahasten da.
Emanaldia amaitu eta batzuek tabernan jaraituko dute, besteek etxerako bidea hartu; baina guztiek izango dute zer pentsatu, zer komentatu entzundako ipuinen gainean. 
Oinutsik kontatutako istorioak. Lurrari lotuak. Pertsonei lotuak.

2019(e)ko martxoaren 20(a), asteazkena

KONTALARITZAREN ALDEKO EUSKAL MANIFESTUA

Munduan beste askok bezala, Kontalaritzak badu bere eguna: Martxoaren 20a. Urrutiko lurraldeetatik gertuagoetara; baso ilunetan eta basamortu beroetan; kale estuetan eta plaza zabaletan; sutondoan eta tabernetan ipuinak ahotik belarrira igaroko dira mundu fantastikoak irudikatuz, abentura harrigarriak bizituz, pertsonaia liluragarriak ezagutuz. Hitz esanaren erresumaren eguna da Martxoaren 20a, pentsamendu magikoaren aldarrikapen eguna.

Munduan izan diren, diren eta izango diren kultura guztietan istorioak, kondairak eta ipuinak euren zutabe nagusienetakoa izan da, batez ere kultur transmisio nagusiena ahozkoa denean. Izan ere haur garaian jasotzen dugun informazioa guztia ahozkoa da, kantak, istorioak, hitz jolasak, igarkizunak, pasadizoak denak belarritik sartzen zaizkigu, imajinario kolektiboaren parte bihurtzen garelarik nahi gabe, eta hori bizitza osoan izango dugu bidaide. Komunitate humano guztiek euren mundu ikuskera, harreman eta jarrera sozialak elkar komunikaziotik eraikitzen eta ezartzen joan dira, garaiekin eboluzionatuz.
Euskal kulturan ipuinak gure kulturaren oinarrietako bat izan dira denboraren barrena, euskal imajinarioa eraikitzen hitzaren erritmoan. Artazuriketetan, etxeko sutondoan, tabernetan, garbilekuetan, sehaskan, kontakizunak euskal pentsamendu magikoa eraikitzen joan dira; euskaldunok mundu ikuskera propioa belaunaldiz belaunaldi pasatzen jakin izan dugu. Mitologia berezkoa sortu dugu, beste kulturetatik heldu zaizkigun istorioak gurera aldatu izan ditugu. XIX. mendetik gaurdaino hamaika dira egin diren ipuin bildumak, aberastasun ikaragarria erakutsiz. Oraindik ere etxeko sukalde askotan, auzolanetan eta lagun artean,  aspaldiko ipuinak kontatzen  dira, harrigarria bada ere. Baina honek guztiari balorea ematen ote diogu euskaldunok? Kontziente ote gara kontakizunek gure kulutan duten garrantziaz? Hizkuntzaren transmisioan ere sekulako garrantzia izan du eta du ipuinak kontatzeak. 
Gaur egun ordea, ikusentzunekoen eraginez zein interneteko komunikazioaren eraginez, hori guztia hankaz gora jartzen ari da, aurrez aurreko ahozko transmisioa bazter utzita eta imajinario kolektiboak komunitatetik kanpo dauden eragile arrotzen eskuetan dago gero eta gehiago. Eragile horien helburua komertziala izan ohi da, alegia, komunikazio humanoa merkatu gisa erabiliz, pertsonen arteko harremanak produktu gisa hartuz. Horren aurrean ahoz gora eta aurrez aurre kontatutako istorioak pertsonen arteko harremanak humanizatzen lagunduko du. Kontalaritzaren Eguna horren aldarrikapena da.
Eta hala bada, hala bedi.

2019(e)ko martxoaren 12(a), asteartea

VII AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA

AHOZ AHO 2019
KONTATU GUREKIN!
Ordiziako D´elikatuz gunean  eman zaio 2019 Ahoz aho jaialdiari hasiera. Bertan VII Ahozko Narrazio Lehiaketa izan da. Lehiaketari hasiera eman aurretik Felipe Ugarte musikaria izan da bertako giroa goxatzen. Hang izeneko perkusio instrumentuarekin.
Aurkezle lanetan Ane Gebara kontalaria aritu da eta bost partaide izan dira lehiaketan. Amaia Ruiz de Galarreta (Tolosa); Aitor Martinez Vinagret (Gasteiz); Marta Alzate (Donostia); Joxe Aldasoro (Etxarri-Aranatz); Leire Zinkunegi (Orio). Amaia Ruiz de Galarreta, iazko irabazlea eta Joxe Aldasoro aurten ere lehiaketara aurkeztu dira, beste hirurek lehen aldia zuten lehiaketan.
Hauek izan dira lehiaketara aurkeztutako ipuinak: Zintzotasunaren lorea, Aztiaren semea, Lady Ragnell, Belarria eta Karakola. Bakoitzak bere ipuina modu propioan defendatu du eta kontatzeko estilo ezberdinak ikusteko aukera ederra izan da.
Epaile lanetan Eneko Haritza, Amaia Arriaran, Imanol Arabaolaza, Arrate Leunda, Joxemari Carrere eta May Gorostiaga aritu dira. Publikoak ere izan du bere iritzia emateko aukera, ikusle guztiek boto bana zuten gehien gustatutako ipuinari emateko.
Publikoaren botoak eta epaileen puntuaketak kontatu bitartean Felipe Ugarte ren musikaz gozatzeko aukera berri bat izan da. Finalerako pasea Amaia Ruiz de Galarreta tolosarrak, Aitor Martinez Vinagret gazteiztarrak eta Marta Alzate donostiarrak lortu dute.
Hiru partaide hauek izango dira. Martxoaren 29an Ordiziako Barrena Jauregian egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusian, aurtengo kalabaza jasotzeko lehian harituko direnak.

Giro politean eman zaio hasiera aurtengo Ahoz Aho jaialdiari. Martxoaren 9 tik 30era aukera ugari daude ipuinez gozatu ahal izateko. Jaialdia, hasi besterik ez da egin.
Imanol Arabaolazaren kronikatxoa.

2018(e)ko apirilaren 17(a), asteartea

ANTZUOLAKO 5. IPUIN MARATOIA


Igandean egin zen 5. Ahotik Bihotzera, Antzuolako Ahozkotasunaren jaia. Eguerdian kaleak ipuinez bete ziren. Euskal Herriko hainbat kontalari Antzuolako kaleetan ibili ziren ipuinak kontatzen, txiki eta helduen gozamenerako. Ipuin tradizionalak, bitxiak,... entzuleak kontari jarri zituenik ere izan zen. Bazkal ondoren, Torresoroa antzokian zen arratsaldeko hitzordua. Jada entzule fidelak dituen jaialdia da hau eta nahiz eta kontatzera oraindik ez animatu, ipuinak entzuteko prest gerturatu ziren Torresoroara. Bertan, ongietorria egin zien Jone Larrañaga kultura teknikariak kontalariei, entzuleei eta bereziki jaiaren bultzatzailea den Virginia Imazi. Denetariko ipuinak entzuteko aukera egon zen: Martin despistatuaren istorioa; opari perfektua nahi zuen erregearena;
munduko kuborik disdiratsuena ere ezagutu genuen; eta gutxirekin ondo bizi zen arrantzalea ere bai; Marisol Abreuk gazteleraz ipuin errimatu zoragarri bat oparitu zigun; eta jakin genuen badaudela lore batzuk barruan altxor bat dutenak, eta baita ere zergatik egiten dugun negar kipula bat mozten dugunean; eta irribarre egin genuen oilarraren aginduak betetzea baino zeregin garrantzitsuagoa duen Karlota oiloarekin. Eta amaitzeko, Virginia Imazek Colonbiako indiarren ipuin tragiko bat kontatu zigun; saiatu zen momentuaren larritasuna helarazten, baina barrez amaitu genuen. Eta ipuin eta ipuin artean, herriko gazteak animatu ziren oholtzara igo eta publikoari asmakizunak botatzen.
Beste urte betez, egun ederra bizi izan genuen Antzuolan, ipuinen inguruan. Hurrengo urtean, gehiago eta hobeto.
Parte hartu zuten ipuin kontalariak: Dorleta Kortazar, Bego Alabazan, Joaquin Ponte, Joxemari Carrere, Lur Katugorri, Joanes Kortazar, Piter Encinas, Marisol Abreu, Belen Azkarate, Josune Muñoz eta Virginia Imaz.

2018(e)ko martxoaren 31(a), larunbata

SAR DADILA KALABAZAN...

Kalabaza argitsua bihurtu da aurten Intujai Taldeak antolatutako AHOZ AHO Nazioarteko Ahozkotasunaren Jaialdia; eta bertatik irtendako ipuin argitsuek eman diote disdira Martxoari Tolosan eta Ordizian. Hamaika istorio, olerki, hitz jolas, musika kalabazatik plazara irten dira etengabe. Baina ipuinetan bezala amaiera ere izan du jaialdiak. Amaiera ederra. Tolosako Amaroz auzoan larunbata goizean Euskal Narratzaileen II Topaketak hasiera Pello Añorga eta Dorleta Kortazar hitzaldiekin. Kontalariak elkartu eta ofizioaren
gainean iritziak, ideiak eta kezkak elkar trukatzeko okasio ederra eskaini du jaialdiak bigarren urtez. Añorgak eta Kortazarrek kontalaria nondik abiatzen da, non kokatzen da istorioak kontatzerakoan gaia hartuta, hausnarketa interesgarriak jarri zituzten mahai gainean. Oiatzuarrak urte dexente darama kontu kontari eta horren gainean gogoeta egiten; hortaz bere hitzaldia arrunt interesagarria suertatu zen. Haurraren imajinario ulertzeko, norberak bere baitatik mintzatzearen garrantzia. Zintzotasuna behar da haurrarekin, eta norberarekin, gorputzetik mintzatu, burutik baino. Kontalariaren gogoeta eta prestaketa izan zituen ardatz. Ikasgai ederra Pellorena.
eman zion egunari,
Dorleta Kortazarrek generoa kontaketan gaiari heldu zion. Honek ere gogoeta interesgarriak eta beharrezkoak ekarri zizkigun. Kortazarren hitzetan ipuina baino, kontalariak esan nahi duena ipini zuen aurretik, jendartearen eta harremanetan hartu ohi diren jarrerak kontaketan islatuko baitira, nahigabe askota, hortaz horri ekin beharko dio kontalariak kontatzen jarri aurretik. Imajinarioen deskolonizatzea aldarrikatu zuen. Neuronak dantzan jartzeko hitzaldia.
Ondoren, agertutakoen artean elkar hizketa zabaldu eta aukera polita kontalaria zentroan jarrita horren bueltan aritzeko. Eskertzekoa da jaialdian halako espazioa martxan jartzea kontalarien arteko topaketa eta gogoeta bultzatzeko, horren falta sumatzen baita. Espero dezagun antzeko beste aukerak ere izatea.
Mahai inguruaren ostean, hamaiketakoa prest zegoen gerora etorriko zen emanaldiarentzako espazioa prestatu bitartean, eta batez ere etorritako kontalari eta lagunen artean hitzaspertua izateko. Eta Amarozeko haur antzerki tailerrekoek okasiorako landutako saiotxoa ikusteko. Eguraldia lagun, Auzo Etxeko belardian aritu ziren haurrak kontu kontari, ipotxak lagun.
Hamaiketakoaren eta haurren saioaren ostean, Bartzelonan bizilekua duen Cristian Atanasiu alemaniarraren eskutik saio bikainarekin gozatzeko parada etorri zen. Jatorri anitzeko pertsona izanik, horren gainean hasi zen jolasean, hizkuntz jolasean batez ere. Hortik aurrera hitza eta gorputzaren festa hasi zen, barre algaretan edukiz ikusleak. Aukera izanez gero, ez galtzeko artista.
Emanaldia amaitu ondoren eta festa giroan jarrituz, aurtengo lehenengo Urrezko Kalabaza eskaini zuten Intujai Taldeko antolatzaileek. Saria joan den urtean hasi ziren banatzen, jaialdiaren hamargarren urtea ospatzeko eta Kontalarien Lehenengo Topaketa aitzaki. Antolatzaileen ustez kontagintzan bidea egindakoei  edo jaialdiari laguntza preziatua eskaini dioten pertsonei eskaintzen diete. Aurtengo lehenengo kalabaza Virginia Imazi eman zioten kontagintzan bere lana eskertuz. Saririk sari dabil aurten Virginia
eta, jakina, hunkiturik jaso zuen. Txaloen oihartzuna amaitu ez zela, bazkaldu aurreko aperitifa etorri. Hor ere kontalarien arteko harremanak lantzen, mahai inguruko gaiak, kontalarien ofizioaren
gainekoak, eta zer nahi berriketa.
Eta usario zaharrari jarraituz, mahaiaren bueltan jarraitu zuen eguna, giro ezin hobean. Kafe garaian gainontzeko urrezko kalabazak banatzeari ekin zioten antolatzaileek. Lehenengo aurreko urtean jaso behar eta agertu ezin izan zuen German Iborra Eltxeko laguna eta jaialdiaren sorrerarekin zerikusirik izan duena. Aurten, bakarrik agertu beharrean "Poprockpompero" taldearekin etorri zen, eguna eta jaialdia martxa bizian amaitzeko. Aurretik baina, gelditzen ziren gainontzeko Urrezko Kalabazak banatu behar ziren. Aurrena Pello Añorgak jaso zuen, euskal kontalaritzari egindako ekarpenagatik, ezinbesteko erreferentzia bihurtuz, batez ere haur eta gazteen munduan. Hitz ederrekin eskertu zuen saria eta bertan zeudenekin konpartitu zuen bere poza, elkarrekin Xoxuaren kanta abestuz. Ondoren Kalabaza hunkigarria eskaini zioten Galizian bizi den lagun argentinarrari, Jose Campanari. Erreferentziako kontalaria dugu Campa, osasun kontuak direla eta kontalaritza utzita duen arren, istorio eder bat oparitu zien mahaiaren bueltan zeudenei, eta eskertzeko izan zen berriro entzun ahal izatea bere kontatzeko maisutasuna.
Bertsolariak ez ziren falta Intujai Taldearen lanari esker beste hamaika urte irauteko indarra izan dezan opa diogu. Euskal kontagintza, gure kultur jardueren artean agian ezezagunena izango dugu, baina ezin esan hargatik proposamen interesgarririk gabekoa. Helduei zuzendutako saioak ugaritzeko erronkari ekin beharko zaio ezinbestean; eta horretan kontalariez gain beste hainbat jende inplikatu beharko litzateke. Bitartean, aurtengo AHOZ AHO jaialdiak utzi dizkigun une goxo eta ederrak izango ditugu gogoan.
izan okasiorako, nola ez. Barre ederrak atera zieten bazkaltiarrei. Ahozkotasuna errimaz ere ipuinen artean. Eta Kontalarien topaketarekin batera Jaialdiari amaiera emateko Poprockpompero taldeak dantzan jarri zituen denak, izerditan blai amaitu arte. Alaitsu amaitu da aurtengo AHOZ AHO jaialdia, Euskal Herriko kontagintzaren ezinbesteko zita beharrezkoa, euskal kontalariak zein beste herrialdekoak euren proposamen artistikoak ikusteko aukera ederra.