Bete betean ekin dio Ahoz Aho Nazioarteko Ahozkotasun Jaialdiak. Pep Bruno kontalari espainiarraren emanaldia eta ikastaroarekin irekiera egin ostean Tolosan eta Ordizian antolatzen den jaialdia lehenengo emanaldiekin hasi da, Martxoaren 19ra arte luzatuko den ahozkotasunaren festa. Espazio ez ohiko batean haurrei zuzendutako emanaldia eskaini da Tolosako Minimaliak dendan. Enaitz eta Mertxe Aizpurua kontalariak euren ipuinak eskaini dizkiete denda bete duten haur eta gurasoei. Liburu, jostailu eta bestelako apaingarri ederrez inguratuta kontakizunak haurren arreta erakarri dute, eguraldiaren okerra ahaztuz eta piratak bihurtuz.
Haurren txanda pasa eta gauean Tolosako Amaroz auzoan hasiberrien txanda izan da. Imanol Arabolaza eta Ekaitz Goikoetxea aurreko urteko Ipuinen ahozko Narrazio Lehiaketara aurkeztu ziren eta aurten jaialdiak aukera eman die lehiaren presiorik gabe euren kontakizunak jende aurrean aurkezteko. Bi estilo ezberdin, kontaeran zein ipuinen aukeraketan, baina bildutako publikoaren oniritzia jasotakoak. Sumatzen zitzaien, jakina, hasiberriak izatearen ajeak, urduritasunak eta experientzia falta, baina horrela egiten da bidea. Primerako ideia da Intujai Talde antolatzaileak izan duena, beharrezkoa baita kontaketa jaialdietan hasiberriei ere euren espazioa eskaintzea, jende aurrean eskarmentua hartzeko aukera izatea, eure buruekin topo egitea kontaketa ikuskari bat aurkezterakoan eta publikoari eskaintzerakoan. Eta biek pasa dute froga, noski hobetzeko hainbat gauzekin, baina bidea hasiz. Orian beren esku dago bidea jorratzea, proposamen gero eta landuagoak eskaintzea eta kontalaritzari aire berriak ekartzea.
Larunbatarekin IV Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa izango da Ordizian. Bertan ere kontaketaren bidean jarri nahi duten lehiakideek euren sormena eta abilidadeak erakutsi beharko dituzte; baina batez ere, istorio bat izango dute ahoan. Ahoz aho eskaintzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina