2017(e)ko azaroaren 1(a), asteazkena

Festi-Contes Donibanen

Beste urte batez Donibane Lohitzuneko mediatekak Festi-Contes kontaketa jailadia antolatu du. aurten Azaroaren 8tik 18ra luzatuko da jaialdia, Donibanez gain, Ziburun, Arbonan, Azkainen, Saran eta Getarian izango dira emanaldiak. Eta beti bezala jaialdia Ipuin Gauarekin amaituko da Donibane Lohitzuneko Maurice Ravel Auditoriumean. Emanaldi gehienak haur eta familientzat badira ere, gazte eta helduek izango dute aukera ipuinak entzuteko; eta emanaldi gehien gehienak frantsesez badira ere, euskarak badu bere lekutxoa Yon Garmendiaren eskutik. Koldo Amestoyk In Vino Veritas kontaketa saioa eskainiko du, baina oraingoan honetan frantsesez. 
Estilo ezberdinetako kontalariak eta saioak izango dira Azaroan barna, guztiak interesgarriak, baina saio bat aipatzekotan, azken eguneko Ipuin Gaua aipatuko genuke; alde batetik, urtero elkartzen den jende handiagatik, eta bestalde kontalarien mailagatik. Aurten Yannik Jaulin seinalatuko genuke bereziki (jakina, gainontzekoei garrantzia kendu gabe); Frantzian dagoen kontalari ezagunenetakoa izateaz gain, bere lana arras interesgarria delako.
Egitarau zabala, anitza eta interesagarria aurten ere, Donibane Lohitzuneko Mediatekak eskaintzen diguna Festi-Conte jaialdiarekin. Kontalariak eta zaletuak ezagutu beharreko jaialdia, Euskal Herrian antolatzen diren bakanetakoa baita.
Informazio gehiago hementxe: Festi-Contes

2017(e)ko irailaren 11(a), astelehena

MUNDUA ALDATZEKO IPUINAK

Ipuinak kontatzea elkartasun bidea izan daiteke. Ideia hori buruan, Bilbon antolatu da Mundua aldatzeko ipuinak jaialdia. Irailaren 23an eta 24ean helduei zein haurrei zuzendutako kontaketak eskainiko dira larunbata gauean eta igande eguerdian, hurrenez hurren. Bertan euskal kontalari zenbait parte hartuko dute euren istorioekin Senegalen burutzen ari den egitasmoa laguntzeko asmoz. Ana Apika, Bego Alabazan, Ines Bengoa eta Virginia Imaz euren istorioak eskainiko dituzte Ana Griot madrildarrarekin batera. Helduentzako kontaketak BIBA kultur zentroan (Erronda kalea, zazpi kaleetan)  eta Indautxuko El Carmen parrokian izango dira, larunbatean 20etan hasita. Igandean haurren txanda izango da, Indautxuko Jesuiten ikastetxean, goizean 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean 16:30etatik 20:00etara. 
Jaialdiaren asmoa Senegalen dagoen Xunu Sarit Aminata Kultur Zentroa ezagutaraztea eta laguntzea da. Zentroa Nerea Perez- Arrospide Navallas euskal arkitektoak diseinatu zuen Senegalen elkartasun lanak egiten ari zela. Zoritxarrez moto istripu batean hil zen han zegoela. Bere omenez kultur guneari Aminata jarri diote izena, hain zuzen Nereari hango lagunek jarri ziotena. Egitasmo interesgarria guztiz bultzatzen ari direna, dudarik gabe, eta kontalariek euren kontakizunekin bultzada ematea are ederrago. 
Informazio gehiago nahi izanez gero: http://centroculturalaminata.org/

2017(e)ko uztailaren 13(a), osteguna

CARRERE KONTALARIAK 25 URTE OFIZIOAN




Joxemari Carrere kontalariak ofizioan 25 urte bete dituela ospatzeko The Best Of Joxemari Carrere. 25 urte kontu kontari, ikuskaria estreinatuko du, uztailaren 14ean, ostirala, Errenteriako Niessen antzokian. Emanaldia 19:00etan hasiko da.
Ikuskarian bere ibilbideari errepasoa egingo dio, hasierako kontaketa saioetatik gaur arte. Urte hauetan osatutako ipuin ikuskarietatik, ipuin seinalatuenak eta bere kontagintzan esanguratsuenak izan direnak eskainiko ditu. Hasieran idazle ezberdinen ipuinak kontatzen hasi bazen, berehala ipuin tradizionalen munduan murgildu zen. Euskal tradizioko ipuinetatik hasi eta munduko kultura ezberdinetako ipuinak izan dira bere lanaren ardatz. Tradiziotik ekarritako ipuin horiek egungo jendartearen ikuspegitik landu izan ditu eta gizakiaren hasierako denboratik izan dituen kezkak, galderak eta gogoetak ipuinen bitartez egungo publikoarekin konpartitzea izan du xede. Bere estiloa ironiaz eta humorez zipriztinduta dago eta publikoarekin komunikazio zuzena bilatu ohi du, kontaketa ia elkarrizketa gisa ulertuz.
Ikuskari batzuetan musikariak lagun izan ditu, esaterako hasierako Behin Munduan (1993) Mikel Markez eta Alaitz Telletxea zituen ondoan. Igurtzi nazazu berriro, laztana (1995) ikuskaria berriz,  Mikel Markez eta Asier Serrano olerkariarekin egindako elkarlana izan zen, kantua, olerkia eta ipuinekin sexuaren gaineko saioa osatuz.
Bere kontaketa ikuskariek gogoeta bat izan ohi dute abiapuntu, ipuinak horren zerbitzuan daudelarik. Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka (1998), esaterako, IHESAren gainean gogoeta egiteko parada ematen zuen eta kondoien erabileraren garrantziaz. Kontu kontari, hori bai bizitzea (2000), ikuskariak kontalari ofiziori begirada ironikoa ematen zion.
Ikuskariez gain, Carrerek hamaika artikulu argitaratu ditu kontalaritzaren gainean, beti ere arte eszenikoen barnean bere lekua aldarrikatuz eta kulturgintzan beharko lukeen garrantzia seinalatuz.

The Best Of Joxemari Carrere ikuskarian ibilbide horren erakusgarri izango da, beti ere humorea eta irribarrea lagun.

2017(e)ko ekainaren 14(a), asteazkena

GUADALAJARATIK EKIALDERA

Beste urte batez hemen dugu Guadalajarako (Espainia) Ipuin Maratoia. Ekainaren 16tik 18ra, ekialdera begira jarriko dira aurtengo edizioan, 26garrena. Izan ere, Europan ditugun ipuin gehienen jatorria ekialdetik omen dator, hori dela eta, itzuliko bidaia planteatzen dute aurten, Europatik Ekialdera bidaiatuz. Urtero bezala ohiko ipuin maratoiaz gain (ia 50 orduz, hiru egunez, gau eta egun, jendea ipuinak kontatzen), beste hamaika ekitaldi daude programatuak. Guadalajarako ipuin jaialdi hau Europako garrantzitsuena dugu eta penintsulako kontalarien topaleku garrantzitsuena da. Antolatzaileek proposatutako ekitaldietan kontatu edo ez, gogoan hartzeko hitzordua da kontagintzaren munduan dabilenarentzat, ahal izanez gero hutsik ez egitekoa. Lagun zaharrekin eta berriekin topatzeko lekua izateaz gain, beste kontalarien espektakuluak ikusteko aukera dago, askotan penintsulatik kanpotik etorritakoak, euren proposamenak ikustea nahiko zailak  izan ohi direnak. Kontaketaren munduan dabilen edonor galdu ezineko zita, behin besterik ez bada. 
Hementxe egitaraua.Guadalajarako Ipuin Maratoia

Kontaketaren Festa

Lacommande Pau ondoan dagoen herrixka da, Biarnon. 300 biztanlera ez da heltzen. Badu eliza bat, Herriko Etxea, parke bat, etxe sakabanatuak, erromesentzat egoitza (Done Jakue bidean baitago), aitzinako hilerri txikia eta Jurançoneko  ardoa erosteko denda (Irulegikoa  ere saltzen dute). Herri lasaia, inguru ederrean kokatua, Baionatik ordu betera. Eta hamar urtetik hona Fête du Conte jaialdi-erromeria antolatzen du Chaîne de conteurs Pyrénées Val d'Adour taldeak, La Route des Vins de Jurançon laguntzarekin. Ideia berez sinplea da, eskualdeko kontalariak eta zaletuak elkartu eta Claude Labat eta Jan-Claude Lassèguek, Mixel Etxekopar zuberotar musikariaren laguntzaz. Eta eguna amaitzeko Michel Hindenoch kontalariak bere ikuskaria eskaini du eliza barnean. Zitara eta Pan flautarekin giro majikoa ekarrri
ipuinaren erromeria bat antolatu. Eguerdian denak elkartu eta giro ederrean aperitifa, ipuinak, musika elkarrekin konpartitu. Ondoren bazkaria bertako zelaian, mahai batzuetan jarriko dira bakoitzak etxetik ekarritako janak eta denen artean konpartitu, zuhaitzen itzalpean taldeka otorduaz eta elkarrizketaz gozatzen. Ardo dendatik norbaitek ardo botila ekarri du eta edalontziak handik edo hemendik lortuz Jurançoneko ardoa dastatzen da. Eta lagunarteko
otordu ederraren ostean siesta, belarraren freskoa profitatuz, eta siesta ederragoa egiteko ipuinak. Ipuinak kontatu nahi dituenak bertan jarritako paper batean izena
eman besterik ez du. Eta horrela jarraituko du eguna, kontakizunaz
kontakizun. Herriko txko ezberdinetan kontalariak euren istorioak eskainiko dituzte. Ondoren,herriaren eta hilerri zaharraren hilarrien gaineko nondik norakoak azaldu dituzte
Xan Errotabehere
du ertaroko eraikin honetara. Kontalari lasaia eta zoragarria, amaiera ezin ederragoa emateko egunari.
Ideia ezin ederragoa kontalaritza sustatzeko. Pauetik Baionarako tartean dauden kontalariak eta zaletuak bildu dira. Hemen dira Baionako Et si on racontait taldekoak, 1992tik Baionan Koldo Amestoy eta Xan Errotabehere euskaldunak ere bertaratu dira, Koldo talde antolatzailearen parte eginaz eta Xanek euskal ipuinak eskainiz. Aukera polita lagun zaharrak topatzeko eta berriak egiteko, kontalaritzaren azken berriak eta nondik norakoak hizketara ekarriz; beste kontalarien kontakizunak entzuteko, ardo xorta baten dastatzeko... Erromeria da, hitzaren erromeria.
Koldo Ameztoi eta Michel Hindenoch
kontalaritza sustatzen dabiltzanak.
Euskal Herriko hegoaldean sei urtez ere ospatu zen Euskal Herriko kontalarien festa. Urtero probintzia ezberdineko herri bat ipuinez janzten zen. Kontalariak, zaletuak eta herritarrak istorioak partekatuz, orduan ere hitzaren festa ospatzen zen. Agian berreskuratu beharreko ekitaldia.















2017(e)ko ekainaren 8(a), osteguna

IPUIN FESTA BIARNON

Iganderako egun pasa polita eskaintzen digute Biarnon dagoen Lacommande herrian. Hamargarren urtez Ipuin Festa antolatu dute (Fête du Conte) Chaîne de Conteurs Pyrénnés Val d'Adour taldearen eskutik.  Eguerditik ilunabarra arte ipuin kontaketek eta musikak herriko bazter guztiak hartuko dituzte; Michel Hindenoch kontalari-musikariaren saioarekin amaitzeko. Arno dastaketak ere izango dira bertakoa ardoarekin. Egun osoko festa beraz ipuinen bueltan eta bide batez Biarnoko bazterrak ezagutzeko. Egitaraua hementxe duzue: Fête du Conte

MICHEL HINDENOCH
Kontaketaren festari amaiera emango dion kontalaria Paris eta Alsazia artean bizi da. Oihan Beltzean jaioa da guraso alsaziarrak izanik. Ahozko musika tradizionalen eta kontalaritzaren berritzaileetako bat da. Kontalari musikaria dugu, izan ere bere kontakizunetan musika hitzekin bat baidator. Hungariar zitara eta Pan txirula ditu lagun oihaneko istorioak kontatzerakoan. Unibertso poetiko, samurra, bihurria da berea. Bere hitzetan kontatzea "Hitzaren Artea da, Olerkia bezalaxe". Primerako aukera kontalari handi baten unibertsoan sartzeko. 












2017(e)ko ekainaren 7(a), asteazkena

TIM BOWLEY OROITUZ

Berri txarra heldu zaigu. Tim Bowley kontalari ingelesa hil zaigu eta guztion bihotzean hutsunea utzi digu. Tim Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan genuen kontari eta bere lilura uzten. Mundu osoko ipuin tradizionalak kontatzen zituen, bertan agertzen diren giza kezkak irudimenaren bidetik aireratuz. Beti eserita, mugimendu eta keinu gutxi baina sendoekin, begiradaren bitartez ere kontatzen zekien pertsona zen. Ahots sendoa, mantsoa, hitzek bizi berria hartzen zuten kontaketa bakoitzean. Beti ingelesez kontari, gurera etortzen zenean Casilda Regueiro lehenengo eta gero Charo Pita kontalari galiziarren gaztelaniara ekartzen zituzten bere kontakizunak, baina ez itzulpen soila eginez, bien arteko konplizitateaz kontakizun bikoitza osatuz baizik. 
Tim Bowley joan zaigu eta, ipuinak bezala, gure oroimenean geldituko da gizon handi hori, irribarre zabalekoa, kontalari petoa. Orain kontakizunen oroimena geldituko zaigu, kontatzen duen ahotsa inoiz ez baita hiltzen. 



2017(e)ko apirilaren 11(a), asteartea

MITELIOAK

AHOZ AHOZ jalaidiarekin batera egin zen Euskal Kontalarien Topaketan May Gorostiagak eskaini zuen aurkezpena ekartzen dizueguna hona. Ahozkotasunaren aldarrikapen mitelianoa. Onddorioak zuen esku.


Ez dut astirik izan…

Ikaragarria izan beharko litzateke hitzaldi hau ondo prestatzea, baino ez dut astirik izan…
Eta ideia bikainak nituen, e?

Hasieran pentsatua nuen Mitologiari buruz hitz egitea sarrera gisa.
Zehazki, Mitoei buruz, baina…

Umore puntu batekin hastea nahi nuen eta Wikipedian nahastu nintzela bilaketa egiterakoan, hau da, K-a jarri nuela T-a beharrean, eta horregatik aurkitu nuela nire burua Mikologiari buruz arakatzen...
Eta hortik aurrera onddo eta perretxikoei buruz hizketan hasiko natzaizueke…

Baina ez dut astirik izan...

Hitzaldiaren mamia onddo eta perretxikoen arteko konparaketa izango litzateke. Iaztik burutik kendu ezinik nabilen metafora bat.

Orain urtebete inguru Bea eta Alaik Mikologiari buruzko liburua oparitu zidaten. AHOZ-AHO jaialdiaren prestaketarekin kointziditu zuen eta geroztik, ez dakit oso ondo zergatik, ipuin bat entzuten dudan bakoitzean onddo bat dela hasten naiz irudikatzen.

Batzuetan erraza da zer espeziea den jakitea, bestetan asko kostatzen zait identifikatzea eta tarteka ez nuke jakingo sailkatzen eta informazio gehiago bilatu behar izaten dut.

Gauza bera egiten dut narratzaileekin. Kontaketa bakoitzean milioika esporak zabalduko balituzke bezala irudikatzen ditut. Eta milioi guzti horietatik bakar batzuk ernalduko dira… Hori bai, ernaltzen diren horietatik milioika espora aterako dira berriro…

Gaia bezala zoragarria iruditzen zitzaidan, baina… ez dut astirik izan...

Kontatu behar nizuen milioika onddo mota zeudela nahiz eta bakar batzuk diren jangarriak edo kontsumorako, ipuinak bezala.
Eta bakar batzuk pozoitsuak… Seguru horietako ipuinen bat ere ezagutuko duzuela…
Gehiengo bat mikroskopikoak direla, ezin direla begi bistan ikusi. Urte askotako ikerkuntza lana behar dela ikus ahal izateko. Edo sentitzeko…

Kontsumitzen direnen artean, jangarriak daude eta betidanik beste modu batez laguntzen gaituztenak:
Batzuk sendagarriak dira, eta kasualitatez aurkitu genituen, penizilina kasu, beste batzuk azkar sutzen direnez sua pizteko baliatzen gara, beste batzuk ogia puzteko erabiltzen ditugu...
Igerilekura joan ondoren, oinen behatz artean hazten diren bitartean, aluzinogenoak auskalo zer dimentsioetara eramaten gaituzte. Podologoek atzazkalak babesteko erabiltzen ohi dituzte batzuk eta badaude bitxiak direnak, beren koloreei esker, Pariseko Modetako pasarelatan ikusi izan ditugunak kapelak apaintzen…

Ipuinak bezala, ez da?
Mota guztietakoak daude…

Baina, egia, ezagunenak jangarriak dira. Ospetsuenak, arrakastatsuenak…
Publikoa gozatu araztea egiten dutenak eta adituek sukaldatzen dakizkitenak mila moduetara plater benetan gozagarriak egiten...Nahiz eta askotan ez jakin non aurkitu ditzakete eta are gutxiago nola ugaltzen diren...

Perretxikoei buruz idatzi diren %90 liburuak, mota hauei buruz hitz egiteko edota nola prestatzen diren jakiteko dira. Non aurkitu, nola zaindu, baita kasu batzuetan, nola erein eta ekoizpena hobetu ere.
Liburuak eta liburuak, onddoen unibertso erraldoitik atal txikienetarikoari buruz besterik ez hitz egiteko...

Puntu honetara helduta, narratzaileek lanerako erabiltzen ditugun iturburuen kritika egin nahi nuen...

Ahozkotasunera dedikatzen garenok ere, gure emanaldietarako idatzizko testuetara jotzen dugu normalean. Hau da, nahiz eta ahozko tradiziotik abiatu, papera dugu euskarri… eta gure sormeneko ipuinak horrela jasotzen ditugu, paperean...
Idatzizko hitzetara bihurtzen ditugu pentsamenduak...
Arte honi buruzko ikasketak, testuak, etab. liburuetan daude jasota.
Narrazioetarako ikastaroetan ere, arropa erosoa behar izaten da eta oharrak jasotzeko koadernoak.

Ez pentsa idatzizko hitzen aurka hitz egin nahi nuenik. Neure buruari galdetzen nion ea nola egingo genuen lehenago… Analfabetoak ginenean...

Edo hobe esanda: Ahozkoalfabetoak.
(Zer egingo diogu, hitzak asmatzea dut gogoko… Neologismoak…)

Tarteka galdetzen diot neure buruari zer gertatuko litzateke narratzaile batek erabakiko balu, istorio bat ama batek bere alabari, alaba honek bere lehengusuari, lehengusuak lagun bati, lagun honek arrandegian eta bertan egongo balitz narratzailearen ikasle bat dena entzuten… orduan narratzaileari kontatuko lioke eta bera emanaldia prestatuko lukeen.

Bai, norbaitek pentsatuko du: Ba ipuina idatziko luke, forma eman eta gero kontatzeko prest egongo lirateke.

Beno, eta idatzitik pasatzea ezinbestekoa litzateke?

Orain ni ere irakurtzen nago…

Zenbat aldiz entzun dugu: apuntatu ezazu, bestela ahaztu egingo zaizu eta!…
Ze konfiantza gutxi gure memoriarengan…

Ze pena astirik ez izatea, zeren eta momentu honetara iritsita onddoen gaia berriro hartzea pentsatzen nuen, asmatutako beste hitz berriren bat zuei esateko. Beste neologismoa.

Ikusten ditugun onddo gehienak kanpoko aldea dira orokorrean. Karpoforoak, hau da, mota askotako luzapenak esporak dituztenak beraien baitan.
Baino azpian, modu ikusezinez Mizelio izenekoa dago.

Eta mizelioa, onddoaren muina da. Ehunka edota milaka urte biziraun dezake. Batzuk konstanteki sortzen dizkigute onddoak, eta besteak lozorroan geratzen dira berpizteko egoera egokiak bilatu arte.

Badira mizelioak Sorginen korroak deiturikoak, bizi diren lurra antzua uzten dutena eta sasoi bakoitzean perretxiko taldea sortzen dutena urtetik urtera geroz eta handiagoa...

Ez al da hori ipuinekin gertatzen?

Beraz, nire hitz berria mizelioaren aldaera da.
Hitzaldiaren hasieran mitologia eta mikologiaren eraldatzearekin hasi behar banu, oraingo momenturako Mitelio hitza aurkeztuko nizueke…

Astirik izan banu noski...

Hau da Mizelio, Mikos-etik badator, Mitelio, Mithos-etik.

Orduan, Mito batek bizirik mantentzen duen hori Mitelioa izango litzateke, nahiz eta askotan gure ulermenetik kanpo geratu. Zuntz horrekin eratuko litzateke herri baten imaginarioa. Edota kolektibo baten emozionarioa elikatuko lukeena izango litzateke.
Eta berari esker, itxuraz belaunaldietan zehar ahaztuta geratu den istorioren bat, inoiz baino biziagoa azalduko litzateke mendeak barru. Bizkarretik datorkigun hotzikara, gure egunerokotasunean sentitzen dugunean: Bai, hemen istorio on bat dago!

Ez dakit oso ondo Mitelio zer den azaltzen, baino hemen dagoela sentitzen dut…
Istorio ikaragarria emateko egoera egokiak emateko zain dagoena. Narratzaile baten ahotsetik milioika espora emango diguna ipuin baten bitartez...

Ze pena astirik ez izatea...

Istorio bat entzutean, denbora gelditu egiten da.

Eta seguruena pentsatzen arituko zinetela, nolatan ez dudan astirik izan hitzaldi hau prestatzeko….
Ba, ezin izan dut, ipuinak entzuten egon naizelako. Ehunka ipuin…

Zenbat aldiz gelditu zaidan denbora AHOZ AHO X. Jaialdi honetan zehar.

Agian hitzaldi baten mitelioa baino ez da izan guzti hau…
Denborarik gabe geratu naiz… Baina ez dut uste denbora galdu dudanik, Kontrakoa!
Inoiz baino biziagoa sentitzen naiz. Esnai amesteko. Erne egoteko egoera lasaigarri batean MITELIO berriak aurkitzeko aukera ematen didana…

Datorren astean, AHOZ AHO jaialdia bukatzen denean, denbora gehiago izango dut. Beste gauza asko egingo ditut...

Seguruena Bea eta Alaiekin igerilekura joango naizela igeri egitera…
Eta beraiekin urperatzea. Gauzatan urperatzea, onddoratzea gustatzen zaidalako...

Eta igerilekutik etxera bueltatzen naizenean, ziur nago hanken hatzen artean ipuinen bat aurkituko dudala!

Denbora kontua da, besterik ez...

Mila esker, denbora ipuin bakoitzean geratu araztea egiten duzuenoi, istorio bakoitzean, Mito bakoitzean…

Mila esker narratzaileok!!!

GORA AHOZKOTASUNA!!!
ZAINDU GURE MITELIOAK!!!


AHOZ AHO 2017  May Gorostiaga  (INTUJAI TEATRO)

EUSKAL NARRATZAILEEN TOPAKETA 2017-03-25

2017(e)ko apirilaren 10(a), astelehena

KOLDOREN LABIRINTOAK

Koldo Amestoyk bere azken kontaketa esperientzia azaltzen digu, KORRIKA abiapuntu hartuta.

Horra nire LABIRINTOAK sailak, berriz ere bere abenturen bidean beste esperientzia bat egiteko parada eman didala, 20. Korrika honen BATZUK ikur bateratzailearen B-rekin moldatu genuen labirinto inguruan.
Labirintoaren marrazten hasi naizenetik, Jean-Christian Irigoyen nire lagun musikaria hor dago jadanik nirekin lanean. Gero bere esku-soinuaren musikak eta nire ipuin kateatuak gure ekitaldia bultzatzen eta gidatzen dute. “Gogo zirikatzaile eta hitz askatzaile”, izan nahi duen B labirintoan ibili ondoren, parte hartzaile bakoitzak –euskaldun berri eta zahar- mikroa eskutan, euskaraz hitz egiten du bere lekukotasuna, engaiamendua, bizitzako kontakizuna, ixtorioa, kantua, bertsoa eta beste, publikoari eskaintzeko…, iluna etorri arte.

2017(e)ko apirilaren 3(a), astelehena

IV. AHOTIK BIHOTZERA, IPUIN MARATOIA ANTZUOLAN


Pasa den igandean, apirilaren 2an Ahotik Bihotzera 4. Ipuin Maratoia egin zen Antzuolan. Poliki-Torresoroa antzokia lepo bete zen adin tarte guztietako antzuolarrekin, ipuinez gozatzeko irrikaz. Ia bi orduko saioa izan zen arratsaldekoa, eta hainbat herritar ere animatu ziren kontatzera. Bertaratu ginenok aukera izan genuen, ipuinen mundu magikoan murgiltzeko, Antzuolatik Irlandara salto batean joanda, ipuinik kontatzen ez dakien Mollyren ibileretatik hasi eta koloretako mundua maite duen Lurlur planetako nesneskarekin amaitu Kili txoria; … Hurrengo urterako zita eginez bukatu zen aurtengoa. Urte osoa dute antzuolarrek kontatu nahi dutena prestatzeko. Eta han egongo gara berriro, entzuteko gogotsu.
genuen, tartean koloretako hari magikoa duen kirikiñoa ezagututa; 100 urte bete berri dituen aitonaren hil ala biziko zalantzak; ur katilu magikoa; elkarri babesa ematen dioten basoko zuhaitzak; mundua beste ikusmira batetik gozatu gura duten zapatilen sokak; errege kororik nahi ez eta libre hegan egiten duen
poliki indarra hartuz doan ekimena da, istorioei eta ahozkotasunari dagokion lekua eman nahian. Eguerdiko ipuin-triki-poteoarekin hasi zen egitaraua. Antzuolako txoko eta plazak ipuinez bete zituzten kontalariek eta herriko entzule txikienek, aterpez aterpe eguraldiari iskin eginaz. Arratsaldean,

Aurtengo Ahotik Bihotzera maratoian parte hartu duten kontalariak: Dorleta Kortazar, Anabel Muro, Joxemari Carrere, Ernesto Agirre, Virginia Imaz, Ander Muñoz, Lur Katugorri, Maider Alzelai, Vanessa Gonzalez, Idoia Sanchez eta Ane Gebara.

Dorleta Kortazar











2017(e)ko martxoaren 17(a), ostirala

CECILIA PAGANINI TOLOSAN

AHOZ AHO Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiak bere bidea egiten ari da martxoan barrena Ordizian eta Tolosan. Ostiralean Tolosan izan zen, Amaroz auzoan eta ikuskari ederra aurkeztu zigun:  En la Boca del Lobo. Kontalaria Cecilia Paganini. Durangon pausa lekua duen artista argentinarrak saio samurra eskaini zuen, Txano Gorritxo eta Otsoaren arteko harremana hizpide hartuta. Barkadadeari aurre egiteko medikuak aholkatuta txakur baten bila doa txakurtegira eta hantxe otsoarekin egiten du topo. Otsoak hainbat istorio kontatuko dizkio eta berak otsoari. Hemendik abiatuta Paganinik eszena gaineko bere abilidadeak erakutsi zituen. Clow ere bada eta hori igartzen zitzaion une askotan, umorearen zein gorputzaren erabileran. Istorioak bata bestearen ondotik lotzean ikuskariari orokortasuna eta logika ematen zion. Orokorrean saio ederra eta samurra, agertutako publikoa irribarre fin batekin utzi zuena, eta, batez ere, istorio gehiago entzuteko gogoarekin.
AHOZ AHO jaialdia bere ekuadorrera heldu da eta hamagarren urtea ederki baino hobeto ospatzen ari da. Oraindik badago zerekin gozatu eta ahozkotasunaren alde ezberdinak ezagutu.
Cecilia Paganiniren ikuskariaren aurkezpena iksui nahi izanez gero: En la boca del lobo

PLUS 55 KONTARI TEDONE JATETXEAN

Badira urteak Donostiako Ernest Lluch kultur Etxean sortu zutela Narratzaileen Txokoa. Bertan astero biltzen dira kontatzearen zaletuak eta euren kontakizunak jende aurrean eskaini. Tarteka kontalari profesionalen bisita ere izaten dute eta ikastarotxo bat edo beste beraiekin, kontalaritzaren teknikak ikasteko. Hortik Plus 55 taldea sortu da, tarteka Narratzaileen Txokotik irten eta beste lekuetan euren kontaketak eramaten dituztenak. Lehengoan Donostiako Tedone Jatetxean kontu kontari egon ziren taldeko lau lagun. Bakoitzak bina ipuin kontatu zituen.  
Gros auzoan kokatzen denTedone Jatetxeak kultur ekitaldi ugari egin ohi ditu gastronomia barazkizalea eta kultura uztartuz. Hitzaldiak, zuzeneko saioak, elkarrizketak... Kultura ohiko lekuetatik atera eta sortzaile eta publikoa elkarren ondoan jarrita harreman berezia bultzatu nahi izaten dute. Oraingoan ipuin kontaketa izan da. Zaletuen eskutik etorri dena. Beste sormen adierazpenetan bezala, zaletuak izatea arras garrantzitsua da kontagintzarentzat, beraiek baitira kulturaren oinarrietako bat. Ordubete polita pasa genuen bertaratutakoak, giro ederrean kontakizunen argitan.

2017(e)ko martxoaren 13(a), astelehena

KOLDO AMESTOY ORANEN

Koldo Amestoy kontalariak Oranen (Algeria) egiten den Festival du Conte jaialdian parte hartuko du. Aurten hamaikagarren edizioa beteko du jailadi hoenk eta magrebeko kontalaritzaren tradizioa zaintzea eta ezagutarazteaz gain, beste herrialdetako kontalariak gonbidatzen ditu euren ikuskariak aurkez ditzaten. Aurten Amestoyk euskal kondairak eramango ditu ahozko narrazioa hain errotuta dagoen herrialdera. Martxoaren 13tik 16ra, egitarau zabala
izango dute, kontaketaz gain ikastaroak ere eskainiko direlarik, kontalari hasi berriak ofizio honetan bidea egiten has daitezen. Espazio ezberdinetan izango dira kontaketak:parkeetan, antzokietan liburutegietan eta partaideak banaka, bikoteka edo taldeka ariko dira euren hitzak eta istorioak partekatzen.
Pozgarria da euskal kontalaritzak gure lurraldearen mugak zeharkatzea eta beste lekuetan geure ordezkari bihurtzea. Koldo Amestoy ibilbide luzeko kontalaria dugu eta ezinbesteko erreferentzia da gure kontalaritzan, beraz ez dago zalantzarik euskal kulturaren ordezkari aparta izango dela.
Jaialdi honen gaineko informazio gehiago nahi izanez gero hemen aurki daiteke:Festival du conte Oran





V AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA

Ordizian (Gipuzkoa) D'Elikatuz gune ederra dute ipuin kontaketan aritzeko, hortaz aproposa AHOZ AHO Ahozkotasunaren Jaialdiak antolatzen duen Narrazio Lehiaketa eskaintzeko. Bosgarren edizioa ospatzen da aurten, bere ibilbide txikia izan arren, euskal kontalaritzan bere lekua egiten ari dena. Larunbatean Ordizian egindako saioa finalerako klasifikazioa izan zen eta sei partaide izan zituen: Irati Goikoetxea (Beasain), Maider Alzelai (Arrasate), Amaia
Pagola (Tolosa), Ekain Auzmendi (Ordizia), Ane Gebara (Gasteiz) eta Sebas Gurtterdege (Zumarraga). Lehiakide bakoitzak ipuin bat kontatu zuen, ondoren bi epai jaso zutelarik; alde batetik publikoarena eta bestetik bost epaileena, azken hauek kontalari profesionalekin osatua: Nerea Ariznabarreta, Maider Galarza, Ixabel Agirresarobe, May Gorostiaga eta Joxemari Carrere . Sei lehiakideetatik hori izan ziren aukeratuak Ordizian martxoaren 24ean egingo den finalerako. Publikoak Ane Gebara gasteitarra auekra zuen finalerako, eta epaileek Maider Alzelai arrasatearra eta Amaia Pagola tolosarra aukera zituzten. Finaletik kanpo gelditu zen iaz irabazle izan zen Irati Goikoetxea beasaindarra. Antolatzaileen esanetan puntuaketa nahiko estua izan zen. Aurkezle lanetan Iñaki Carretero kontalari oriotarra ibili zen eta lehiakideak aurkezteaz gain, mikroipuinetan gozatu zuen saioa.
Saioari amaiera emateko joan den urtean lehiaketan parte hartutako Ekaitz Goikoetxeak saio txiki bat egin zuen olerkia, ipuina, kantua eta bertsoa uztartuz, ohikoa duen estiloari jarraituz. Saio polita leku ederrean,  Ahoz Aho jaialdiaren ikurra bihurtzen ari den lehiaketa. 
Jaialdia aurrera doa eta Ordizian eta Tolosan aste honetan ere ez dira faltako ahozkotasunaz gozatzeko ikuskariak. 












2017(e)ko martxoaren 6(a), astelehena

ISTORIO BIZIAK 2017

Laugarren urtez aurten ere gure artean dugu ISTORIO BIZIAK jaialdia, kontaketak, olerkiak eta bertsoak uztartzen dituen ahozkotasunaren festa. Bilboko Barrutia 02-Uribarrin martxoaren 6ti 9ra zabalduko da eta hamaika ekitaldi eskainiko du. Helduentzat zein haurrentzat olerki saioak, bertsoak eta kontaketak izango dira leku ezberdinetan. Alabazan taldekoen eskutik sortutako jaialdiak eta Bilboko udalaren kultur arloak bere lekua egin du Bizkaiako hiriburuaren kultur eskaintzan eta euskal kontagintzarentzat erreferentzia ere bada. Bilbo aldean egonez gero auekra ederra ahozkotasunean murgiltzeko eta kontaketaren bideak jorratzeko.
Informazio osatua hemen aurki daiteke: Istorio Biziak

2017(e)ko martxoaren 4(a), larunbata

Numancia Rojas Tolosan

Tolosan eta Ordizia hasi berria den Ahoz Aho Nazioarteko ahozkotasunaren jaialdiari irekiera eman dio Numancia Rojas kontalari txiletarrak.
Donostian eta Tolosako Amaroz auzoan kontaketa saio bana egin ondoren, asteburuan formazio ikastaro bat emango du.  Kontalaria izateaz gain,  1987tik "Ipuinak kontatzearen artea" tailerra eskeini izan du Mediterraneo aldeko hainbat unibertsitatetan, gaur egun Castellóko (Herrialde Katalanak) Jaume I unibertsitatean eskaintzen duelarik. Hainbat ikastaro ere eskaini ditu han eta hemen eta 2007an "Ni brujas ni cenicientas" liburua argitaratu zuen.  Bere egitasmorik handiena segur aski Bartzelonan orain dela 20 urte zabaldu zuen "Ipuinaren Etxea" izango da. Bertan hainbat eta hainbat kontaketa saio eta ikastaro eskaini dira eta milaka pertsona pasa dira bertatik. Bartzelona, Alacant eta Txileko Santiagoren artean bizi da. Hasiera ezin hobea hamar urte ospatzen dituen jaialdiarentzat.

Nola pasa dira eskaini dituzun bi kontaketa saioak?
Oso ondo. Oso pozik nago aspaldian ez bainuen hain jende esku zabala eta irekia. Nik aurkitu dudanaren beste ideia bat neukan eta liluragarria izan da jendeak irribarre egiten duela, euria egin arren ipuinak entzun nahi dituela. Harrituta nago eta oso pozik. nire pijama eta hotzetako zepilloa utziko ditut hemen berriro itzultzen naizenerako. (barreak)

Leku batetik bestera ipuinak entzuteko moduan ezebrdintasunak aurkitzen dituzu? Gurean, esaterako.
Bai, bai; ezberdintasun handiak daude. Hara, behin unibertsitate batera joan nintzen kontatzera, gizarte gaiak ikasten ari ziren ikasleentzat, ni horretan bainago espezializatuta; ba ni gai horren gaineko ipuinak kontatzen ari nintzen, asko maite ditudanak, eta ikasle guztiak aurpegi luzeekin zeuden. Nik pentsatzen nuen ez zutela batere maite nire saioa, txalotzen ere ia sasoirik gabe ari ziren; baina amaitutakoan, niregana gerturatu ziren batzuk eta sekulako zorionak eman zizkidaten izugarri gustatu zitzaielako saioa. Ene, zergatik ez zuten azaltzen hori! Hemen eskaini ditudan bi saioetan berriz, jendearen espresioa sumatzen nuen, sentitzen nuen jendeak benetan eskaintzen zidala bere irribarrea, arreta jartzen zuela.

Zuk nola definituko zenuke zure kontatzeko estiloa?
Nik ez dut interpretatzen, ez dut inpostatzen, ez dut honako edo halako jarrera hartzen; saiatzen naiz nolabaiteko elkarrizketa bat izatea, saiatzen ahalik eta ez fiktizioa izan dadin, ipuina nire erraietatik irten dadin, burutik pasa gabe. Eskaintzen ditudan ikastaroetan ere ez dut nahi izaten ikasleek interpreta dezaten, naturaltasuna bila dezaten nahi dut. Ni horretan saiatzen naiz, modu naturalean kontatzen, berriketan aritzean bezala.

Bartzelonan Ipuinaren Etxea zabaldu zenuen orain dela hogei urte, nola pasa da esperientzia hori?
Ipuinaren Etxea gaur egun Bartzelonako leku esanguratsua da, oraindik nirea da, baina traspasatzen ari naiz, beste pertsona batek hartuko du, eta espero dut nik hasitako proiektuarekin jarraitzea; berarekin ari naiz horretan. Etxean bost eta zazpi arteko ipuin saio egiten dira astero, eta bost kontaketa tailer daude martxan.gaurarte 3.200 pertsona pasa dira bertatik kontatzeko tresnak lortu nahian eta hogei urte hauetan bertatik pasa den publikoa zenbatu ezina zait. Une honetan ere beste bi kontalarik, Arnau Vilardebok eta Martha Escuderok, alokatu egiten didate lokala kontaketa programazio bat egiteko astebururo.
Zabaldu nuenean jende askok ez zuen sinisten egitasmoan, eta txantxetan ere hartzen zuten, baina pixkanaka bere lekutxoa egin du eta gaur egun erreferentzia bihurtu da Bartzelonan. nik behintzat gauzak ondo egin izanaren satisfakzioa daukat.  Baina ni nomada naiz eta beste bide batzuk ibili nahi ditut. Inoiz ez naiz bizi izan leku batean Bartzelonan bezain beste, ezta nire jaiotze hirian ere. Han hamabi urte arte bizi izan nintzen, eta Bartzelonan berriz hogei egin ditut, hogei! Aldatu beharra daukat.

Ahoz Aho jaialdian parte hartzen ari zara, nola ikusten duzu jaialdien garrantzia kontaketarako?
Uste dut arte hau zabaltzeko modu bikaina dela, jendeak parte har dezan, kontalari ezberdinak ikus ditzan, beste ahots batzuk entzun ditzan. Jendeak hau guztia bere bizitzan eguneroko zerbait bezala har dezan izan behar du jaialdiaren helburuetako bat, ez aparteko zerbait bezala. Jaialdi batetik abiatuz jarraikortasuna eman daiteke kontaketa programazio bati. Jaialdi hau, esaterako, beharrezkoa da, kontalaritzari indarra ematen dio, eta gainera ez balego ni ez ninduten gonbidatuko inoiz (barreak). Eta orain Ipuinaren Etxetik dibortziatu egingo naizela munduko jaialdi guztietara joan nahi dut, gonbidatzen ez badidate ere, jende ezberdinak ikusi nahi ditudalako kontatzen, leku eta estilo ezberdinetakoak.


2017(e)ko otsailaren 8(a), asteazkena

ERRADIKALAK GARA

Egitasmo interesgarria jarri berri du martxan Lanku Kultur Serbitzuak enpresak bertso edukien sormenerako lanak laguntzeko I Lanku Beka Sariarekin. Lehenengo edizio honetan Ane Labaka bertsolaria eta Bea Egizabal kontalaria izan dira sarituak "Erradikalak gara" proposamenarekin. Beka honen helburua da antolatzaileen esanetan " batetik bertsolaritza muinean duten emanaldiak sortzea eta laguntzea; eta bestetik sortzaileen eta Lankuren arteko elkarlana sustatzea". Aurkeztutako lau proposamenen artean "Erradikalak gara" izan da aukeratua eta 800 euroko saria jasoz sormen lana martxan jarri ahal izateko..
Labakak eta Egizabalek bertsoa eta bakarrizketa uztartu dituzte ikuskari honetan "erraietatik abiatuz" beraien hitzetan eta "erradikalak zarete" entzun izan ohi dutenaren aurrean, "behar baino gutxiago" pentsatzen omen dute. Umorez eta kontraesanak airean erraietara heldu nahiko dute, ikusleak, erradikalak zarete horren aurrean, behar baino gutxiago pentsatzen amaituko duelarik.
Ikuskariaren ideia euren herrian, Lasarte-Orian, elkarrekin egindako saio batetik heldu zitzaien. Bakarrizketak eta bertsoak elkarrekin uztartzearen esperientzia hartatik iksukari honen lehenengo urratsak heldu ziren.
"Sorkuntza arma politikotzat" dute bi sortzaileek, horri heltzeko umorea tresna garrantzitsua deritzotela. Borrokabidetzat dute sormen jardun horiek biak uztartuta generoarekin zerikusia dituzten gaiak lantzen dituzte. Publikoarentzat bezala beraientzat ere sormen proposamen honek jakinmin handia sortzen die. Feminismoa eta umorea, bertsoak eta bakarrizketak, ahozkotasunaren bidetik kontraesanak bistaratzen ibiliko dira han eta hemen.














2017(e)ko otsailaren 4(a), larunbata

Kontaketa ikastaroa

Ahoz Ahoz Nazioarteko ahozkotasun Jaialdiaren egitarauean, iragarrita da Kontaketa ikastaroa. Izena emateko epea zabalik dago nahi duenarentzat. Martxoaren 4ean eta 5ean izango da ikastaroa Tolosako Amarotz auzoan. Irakaslea Numancia Rojas kontalari txiletarra izango da. Numancia eskarmentu handiko emakumea da kontalarintza, bai kontalari gisa zein formatzaile eta dinamizatzaile moduan. 
Kontalaritzan lehen urratsak eman nahi duenarentzat aproposa eta saiatua denarentzat formakuntza polita. Ez galdu aukera. Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko: intujai@intujai.net

2017(e)ko otsailaren 2(a), osteguna

IPUINEN AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA

Badira hamar urte Intujai Teatroa taldeak Gipuzkoako Tolosako eta Ordiziako udalekin batera AHOZ AHO Nazioarteko Ahozkotasunaren Jaialdia antolatzen duela. Jaialdiaren hamaika ekitaldien artean Ipuinen Ahozko Narrazio lehiaketa hasi ziren antolatzen, aurten bosgarren edizioara heldu delarik. Lehiaketa honetara edonor aurkez daiteke eta ipuin bat kontatu beharko du ahoz gora. Kontaketa sustatzeko asmoarekin hasi ziren lehiaketa antolatzen eta, batez ere, kontalaritzan urratsak eman nahi duen jendeari aukera bat ematearren. Euskal Herrian antolatzen halako lehiaketa bakarra da, beraz aukera ona kontagintzaren munduan abiatu nahi duenarentzat. Edo aurretik dabilenarentzat erronka ere  bada, bere lana beste modu baten "epaitua" izango baita. Informazio gehiago hementxe aurki dezakezue: Ahozko narrazio lehiaketa
Horrekin batera Jaialdia bera martxan da, urtero bezala Martxoan bilduko direlarik ekitaldi ugari Tolosan zein Ordizian. Aurten jailadi berezia izango da hamargarren urteurrena ospatzen dutelarik; hori dela eta ekitaldi bereziak iragarri dituzte Intujai Teatroa taldeko antolatzaileek. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero:  X Ahoz Aho Nazioarteko Ahozkotasun Jaialdia

KONTALARITZA HIZPIDE DONOSTIAN

Hamar urte badira Donostiako Ernest Lluch kultur etxean kontalaritzari dedikatutako gunea dutela. Narratzaileen Txokoa izenarekin kontalari zaletu zein profesionalek euren ipuinak kontatu izan dituzte. Orain egitasmo berriarekin datoz: "Déjame que te cuente". Antolatzaileen esanetan; "Programa berriaren helburua prestakuntzan sakontzea da, parte hartzaileei beren sormena eta istorioak kontatu eta entzuteko gaitasuna lantzeko tresnak eskainiz, ahozkotasunaren teknikak aurkeztuz eta, bide batez, beste kultura eta tradizioen ezagutza bultzatu." Horri heltzeko Otsailetik Ekainera bost mintzaldi antolatu dituzte, lau kontalari eta ahotsean aditu den Carmen Quiñonesekin.. Hilean behin izango dira hitzaldiak Donostiako Ernest Llluch Kultur Etxean, sarrera debalde izango delarik. Virginia Imaz kontalariak hasiera emango dio zikloari otsailaren 2an, Y que tenga de repente, saioarekin. Hurrengo hilabeteetan, hurrenez hurren, hizlari hauek izango ditugu: Martxoak 2 Numancia Rojas, Viejas costumbres, yo cuento, tu cuentas; apirilak 6, Boni Ofogo, Cuentacuentos como instrumento para la interculturalidad y la paz; maiatzak 4, Carmen Quiñones Técnica Vocal; eta amaitzeko zikloa ekainaren 8an Ines Bengoa izango dugu, Contar desde la piel, aproximación a los cuentos eróticos.
Informazio gehiago eskuratu nahi duenak hementxe: Déjame que te cuente
Interesagarria oso halako jardunaldiak, izan ere ez baitira ohikoak kontalaritzaren gaineko gogoeta eta prestakuntza saio irekiak; dena dela euskararen presentzia hutsa izanik hurrengoetarako hau ere kontuan hartzea beharrezkoa genuke, jende faltarik ez baitago gai honi heltzeko.