Bi urte ondoren Oporto hiriak bere baitan hartu du Um Porto de Contos ipuin jaialdia. Lehenengo edizio hartan hiriaren kanpoaldean kokatu bazen, oraingo honetan Oportoko hiribarnean aurkeztu du bere egitarau zabala, hain zuzen Ateneu Comercial do Porto aukeratu dute jailadiaren gunetzat. Leku ederra, XIX mendeko eraikinak, espazio ezberdinak eskaintzen ditu emanaldi ezberdinetarako, guztiak beharreko erosotasuna eta lasaitasuna bermatuz. Clara Haddad kontalariaren eskutik eta berak kudeatzen duen Escola Itinerante de Narraçao Oral ardatz hartuta ekitaldi interesgarriekin osatu da egitaraua. Kontaketa saioez gain, sortzaile ezberdinekin egindako topaketak, tailerrak eta baita hirian barrena proposatutako ibilaldiak aurkitu du bertaratu denak. Kontalariak Portugal, Brasil, Galiza eta Euskal herritik heldutakoak, profesionalak batzuk, beste batzuk kontalaritza eskolako partaideak, guztiek kontaketa proposamen ezberdinak ekarri dituzte.
Kontaketa jaialdiak izan ohi duten kezka nagusiena jendearen erantzuna izaten da, izan ere halako jaialdiek kulturaren bazterretan kokatzen direla dirudi, oraindik, eta badirudi haurrei zuzendutako ekitaldiak baino ez direla. Zorionez, kasu honetan hasieratik jendearen erantzuna bikaina izan da, ekitaldi guztiak gainezka egon direlarik. Horrek frogatzen du ipuin kontaketek kultur eskaintzen artean bere lekua egiten ari dela pixkanaka eta jendea hasi dela ikusten kultur proposamen hau beste edozein pare. Jakina, oraindik bide zabala dago egiteko, baina urratsez urrats egiten ari da.
Noski halako ekitaldiak ez dira kasualitatez sortzen eta atzetik lan izugarria dago, askotan urtetakoak. Kontalaritza zabaldu, zaletuak gerturatu, laguntzaileak bilatu, diru laguntzak lortu, hedabideak halako ekitaldien garrantziaz konbentzitu... Edozein kultur ekitaldik bere baitan daramazki halako arazoak, baina kontalaritzaren kasuan areagotu egiten dira, kultur jardun honek oraindik nolabaiteko estigma soziala baitauka gainetik kentzeko, alegia, haurrentzako denborapasa solia izatea edo bestelako jardunen osagarritzat hartzea. Ipuin kontaketa jaialdi bat antolatzerakoan izan ohi den lehenengo arazoetako bat da altzea zer demontre den kontaketa bera, konbentzitzea jardun artistiko serioa dela, arte eszenikoen barneko beste proposamena dela, eta hori gutxi balitz, konbentzitzea haurreei bezala helduei ere interesatzen zaiela eta gustukoa dutela. Jakina, antolatzailearen aldetik, egitarauean asmatzen jakin behar da, kalitate irizpideak erabiliz, kontaketa saio txukunak antolatzea eta ikusleengan kontalaritzarekiko zaletasuna bultzatu eta indartu.
Ipuin kontaketa jaialdien antolaketa txukunak, jaialdia bera gainditzen du eta kontalaritza berarengan du eragina, izan ere, gaizki eta baldar antolatutako jailadia, kalitate eskasekoa eta irizpide garbirik gabekoak, ez du bakarrik jaialdiaren irudia bertan behera botako, baina baita kontalaritzaren irudia bera ere.
Horregatik pozgarria da Um Porto de Contos jaialdiak erakutsi duen irudia, agertutako ikusleak kontalaritzarenganako zaletasuna indartuz eta garatuz, Oporto bezalako hirian kultur eskaintza arrakastatsua proposatuz. Halako ekitaldiekin kontalaritza berak irabazten du, bere irudi soziala aldatuz. Jakina, hobetzeko hainbat gauza daude, baina emaitza orokorra ikusi beharko genuke, kritikak ahaztu gabe. Ikusteko dago hemendik aurrera Portugaleko ipar alde honetan zer nolako garapaena izango du ipuin kontalaritzak, bi urte barru, jaialdiaren hirugarren edizioan eboluzio horren beste uratsa ikusiko dugu segur aski. Oraingoz jaialdiak, kontaketaren festa honek bizi duen arrakastarekin geldituko gara, irribarreak ezpainetan.